Uxue Alberdi eta Ane Labaka sari banaketan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko otsailaren 26a

Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariek parte hartuko dute gaur, goizeko 10:30ean hasita Kultur Etxeko aretoan burutuko den XVII. Bertso paper lehiaketako sari banaketan. Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastoletako hainbat haurrek parte hartu dute lehiaketan eta bertsoren bat aurkeztu duten guztiek oroigarri bana jasoko dute. Gainera, ikastetxe bakoitzeko bi lan onenek jasoko dute saria, lehen hezkuntzako onenak, 10 eta 12 urtera bitartekoak, eta DBH Bigarren Hezkuntzako onenak, 12 urtetik 16 urtera bitartekoak. Lehenengoek bi gai zituzten aukeran: “Gustuko al duzu ingelesa” eta “maitemindu egin zara”. 12-16 urte artekoek ere beste bi, “Zer amestu zenuen bart” eta “Irakasleak txuletarekin harrapatu zaitu”. Sari berezi bat ere jasoko du lanik gehien aurkeztu duen gelak. Beraz kalitatearekin batera kantitatea ere sarituko da. Gaurko sari banaketan, herriko ikastoletako haurrekin batera, Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariak ere izango dira kantuan.