Ana Urchueguia alkateak eta Iñaki Mugika alkateordeak irakurri zuten mozioarekin bat egin zuten alderdi guztiek.
Honetan, besteak beste, Isabelen senide eta gertukoekin elkartasuna agertu zion batzarrak, "momentu gogor hauetan gure babesa sentitu dezaten."
Biolentzia
Familia barneko biolentziaren eraginik ikusgarriena heriotza dela aipatu zuten, baina ez bakarra, “gehiegi dira bere senideek eragiten dieten izuarekin bizi behar izaten duten emakumeak, autoestimua galdu arte makurtzen eta apaltzen dituztenak.”
“Gure indar guztiekin babestu behar ditugu, biktimei laguntzeko neurriak eman eta hiltzaileen jazarpena lortu,” aipatu zuten.
Sistema berria
Sistemaren huts egitea salatu zuten ere, "instituzioek ez dituzte beharrezko baliabide eta bitartekoak jarri horrelako ezbeharrak saihesteko."
Eta horregatik, Diputazioari eta Udalei premiaz eskatuko dio Udalak arazo psikikoa duten pertsonen jarraipen hobea egiteko protokoloak eratzea eta familiei beharrezko laguntza ematea gaixo dauden senideei zaintzeko, "arazo psikikoak dituzten pertsonekin tratamendua eta harremanak oso zailak direla aitortuz, behar adina protokolo ezarri behar ditugu pertsona hauei eta beren senideei laguntzeko, jarraipen instituzional eta profesional bat eginez. Arrakasta osoa ziurtatu ezingo badu ere, babesgabetasun eta errekurtso falta egoerak leuntzen lagundu dezake, tratamendua hobetuz eta jarraipena hobetuz."
Kontzentrazioa
Era berean, herritarrei deialdia luzatu zitzaien astelehenean bertan 11:30ean Udaletxe aurrean kontzentrazioa egitera.
Eta nahiz eta bat bateko deia izan, erantzun handia izan zuen agerraldiak. Pixkanaka herritarrak batzen joan eta ehun baino gehiago bildu baitziren.