Ana Urchueguia Txilera joateak ez du udal-oposizioa harritu

Txintxarri 2010ko mar. 1a, 01:00

Otsailaren 23an iritsi zen ustekabeko albistea, Ana Urchueguía Lasarte-Oriako alkateak, ez zuen legealdia amaituko. 24 urtez herriko alkatetza bere gain eduki eta gero, Txilera egingo du salto. Bertan, Eusko Jaularitzako ordezkaria izango da Txile-Peru egoitzan.
Sorpresa izan da herritarrentzat, baina ez hainbeste oposizioko alderdientzat. Denen jakinean zegoen Urchueguiak, hurrengo legealdira aurkezteko intentziorik ez zuela, baina legealdi hau bertan behera uzteak ustekabean harrapatu ditu.

Zurrumurruak oihu

Urchueguiaren irudia kaltetua zegoela aipatzen dute oposiziotik "Somotoren inguruko ikerketak hartutako bidea ikusita, PSEk fitxa mugitu beharra zeukan" adierazten du Ana Prieto Lasarte-Oriako Herritarren Plataformako zinegotziak.
Ezker Abertzaleak, EB, H1 eta EAJ-rentzat ere Somotok eragin du Urchueguiaren martxa "PSEren eta Eusko Jaularitzaren erabakia izan da Lasarte-Oriako Udaletxean Kooperazioko kudeaketaren inguruan irekita dagoen ikerketatik aldentzeko" gaineratzen du Estitxu Alkortak EAJ-ko zinegotzia.
Bestalde, Hamaikak bat-eko zinegotzia den Jesus Izetaren arabera "urte hauetan jasan duen desgasteak eragina izan du erabaki hau hartzerakoan, gauzak ez daude garbiak eta beraz irteera ona suposatu dio Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak".
“PSEk Urchueguiari aterabide bat bilatu beharra zion” aho batez aipatzen dute oposiziotik "berak herritik ahalik eta urrun joan nahiko zuela da seguruena" gaineratzen du Ricardo Ortegak EB-ko zinegotziak.

Urchueguiaren curriculum

“Zentzugabekeria bat da gure herriaren izen ona zikindu duen pertsona batek Euskadiren ordezkari hautatua izatea" aipatzen dute EAJtik, are eta gehiago Eusko Jaularitzaritzako bozeramaileak “Urchueguiaren "curriculum"-a SPRI-ko ordezkarirako onena” zela jakitera eman eta gero.
"Nicaraguan izandako ibilbideak baliogabetzen du Urchueguia edozein kargu publikorako, are gehiago gure Herriaren ordezkari izateko" gaineratzen du.

Somotorena ez da amaitu

Somotoren ikerketa dela eta "nahiko txukun, zarata egin gabe joaten saiatzen ari da" adierazten dute ezker abertzaleko zinegotziek.
Hala ere, argi utzi nahi diote Urchueguiari irekita dagoen ikerketa batzorde hori aurrera jarraituko duela "PCLOtik bukaeraraino iritsiko gara. Berdin zaigu Txilen, Perun, edo non dagoen, erantzukizunak egonez gero bere gain hartu beharko ditu PSE alderdiak" gaineratzen du Ana Prietok.
Urchueguiak 24 urte darama alkatetzan, Lasarte-Oriak ezagutu duen alkate bakarra dugu "oso gustura zebilen herrian, baina urte dezente dira eta horrek desgastea sortzen du, hau ikerketa komisioa egiteko erabakiarekin lotuta, nik uste dut azkenean kargua ustera eragin diola" azaltzen digu Jesus Izeta.

Plurienpleatua

Urchueguiak bere kargua uzteko intentzioa ezagutzera eman zuenean, zinegotzi moduan jarraitu zuela adierazi zuen "baina hori nola bateratuko duen ikusi beharko da" ezker abertzaleko zinegotzien aburuz. Pleno guztietara etorriko da? Komisioetara? Oposizioak ez du oso argi ikusten nola egingo duen bi leku ezberdin eta euren artean urruti dauden hauetan lanean jarduteko "hau alkatetza korrika ustea ez egosteko izango da, atzean arrazoiren bat egongo da" gaineratzen dute.

Zaballos bai, Zaballos ez

Jesus Maria Zaballos oraindik bere lehenengo legealdia bete ez duenean, alkate bilakatu da "esperientzia gutxi du baina gure ustez aire fresko eta berria eman nahi zaio udaletxeari" adierazten du Prietok.
Lasarte-Oriako alkatetzan lehenengoz emango den aldaketa honetan "Zaballos baino eskarmentu gehiagoko beste bat aukeratua izatea espero nuen" gaineratzen du Ortegak.
Bestalde ezker abertzaletik ez dute baloraziorik egin nahi "lanean ikusi beharko dugu iritziak plazaratu baino lehen, hala ere, aktitude mailan hobekuntza bat ematea espero dugu".
"Sorpesa bat izan da niretzako, Mugika espero bainuen Urchueguiaren ondorengoa bezala" adierazten du Izetak.
Mugika beharrean Zaballos jarri nahi izanak, "PSE bere izenaren zuriketa prozesu batean murgilduta dagoela erakusten digu" Alkortaren hitzetan.
Jose Angel Encinas, PPko ziengotziarekin kontaktuan jartzen saiatu garen arren, ez ditugu bere adierazpenak lortzerik izan.