Lau lasarteoriatar izan ziren Kutxa Igeriketa Sariko finaletan aurreko igandean Legazpin, alebinen mailan Inhar Lizarza eta infantilen mailan Iñigo Ibarburu, Unai Bueno eta Garazi Alkorta.
Ruben Villalon prestatzaileak azaldu digunez jada helburua lortuta zuten; aurreko kanporaketetan finaletan sartzea zen euren erronka eta adin horietako Buruntzaldeko bederatzi igerilarietatik lau finaletan sartu zirenez pozik dira emaitzarekin. Iñigo Ibarburu laugarren izan zen final nagusietako batean eta beste hiruak B finalean aritu ziren. Sei onenak final nagusian aritzen dira eta hurrengo seiak B finalean.
Bestalde taldeka mutil eta neskak elkarrekin lehiatzen dira, bi mutil eta bi neskak osatutako taldetan. Buruntzaldekoak ez ziren sailkatu. Ruben Villalonek aitortu digu taldeka ez daudela onenen artean. “Klubaren asmoa taldera kirolariak erakarri eta pixkanaka hobetzea da. Duela urte batzuk Gipuzkoa mailan Lasarte-Oria maila onean aritzen zen eta helburua hori da, serioski lana egin eta ziklo berri hobe bat irekitzea”.
Dena den, prestatzailea pozik zen igandean egindako lanarekin denek hobetu baitute aurretik zuten marka. “Igerilariak pozik ziren eta eurak pozik badaude ni ere bai”. Gainera finaletan egoteak berak badu xarma igerian ari diren haurrentzat, finalista guztiak batera ateratzen baitira ilaran probaren aurretik. “Haurrentzat lehiaketa polita da, motibatuak sentitzen dira, garrantzitsua da eurentzat, kamiseta bat jasotzen dute,...” kontatu digu Rubenek.
Datorren astean amaituko dute neguko denboraldia eta jada udakoa prestatzen ari dira herriko igerilariak.
Guztira 45 igerilari inguru ari dira Buruntzaldeko taldean. Txikienek 7 urte dituzte eta zaharrenak 22 ditu. Ruben Villalonek kontatu digunez, gehienez 20 urte ingurura arte jarraitzen dute igerilariek “7 bat urterekin hasi eta aspertzen diren arte jarraitzen dute .”