“Zinegotzi bezala jarraituko dut. Ez dut erantzukizunik saihestuko”

Nerea Eizagirre 2010eko martxoaren 1a

24 urte egin ditu Lasarte-Orian alkate, Estatuan hortan denbora gehien iraun duen pertsona da Ana Urchueguia. Orain Eusko Jaurlaritzako ordezkari izango da Txile eta Perun. Egun hauetan lanpetua dabil, elkarrizketak edo Udaleko zereginak direla eta. Gainera, gaur, alkate-karguari uko egingo dio. Hala ere, tartetxo bat egin digu berarekin solasaldia izateko.

Lasarte-Oriako herriaren sorrera sustatu zuen Batzordeko kudeatzailea izan zen Ana Urchueguia, 1985an. Lasarte-Oria Udala denetik, alkate bakarra izan du gure herriak. 24 urte hauetan, guztiz eraldatu da herria. Bere iraganaz, gaur egunaz eta etorkizunaz hitz egiteaz gain, bere kargu berriaz eta Jesus M. Zaballos bere ordezkoari buruz ere mintzatu gara.

Alkate bezala 24 urte egin dituzu, baina Lasarte-Oria sortu zuen Batzordeko kide ere izan zinen?
Bai, horrela da. 1985eko martxoan erreferenduma egin zen. Andoain, Urnieta eta Hernaniko eremu batzuk batu eta herria sortu nahi zela erabaki zen. Ni, orduan, Hernaniko zinegotzia nintzen.
Hauteskundeetako emaitzen arabera, batzorde bat eratu zen eta alderdiak nik nuen esperientzia ikusirik eta Lasarteko taldeak eskatuta ni proposatu ninduten batzordeko kide bezala. Batzordean sartu eta maiatzean kudeatzaile izendatu ninduten.
Foru Aldundiarekin hitz egin behar genuen eta mila gauza zehaztu behar ziren herriaren eremua, zenbateko kreditua eman behar ziguten, ze orduan zorrak eman zizkiguten, langileak, e.a.
Orduan, 20 milioi eman zizkiguten guztia martxan jartzeko. Kopuru hori ez zen langileen soldata ordaintzeko adina. Langile horietatik gehienak beste udaletatik etorriak ziren, gainera.
Gauzak honela, 1986ko otsailaren 15ean Brigitarretan udala sortu zen.

Eta hiru zatiak bat egin dira pixkanaka...
Hori da, herrian loturak sortu ditugu. Urnieta, Andoain eta Hernaniko jendea batu dugu.
Lehen ziurtagiri bat lortzeko hiru egun egiten zenituen: hona etorri, gero Urnietako eremukoa izateagatik, Urnietara joan, e.a. Eta hori bukatu da.
Horretarako lan asko egin dugu eta eskerrak eman behar udala sortu zenean etorri ziren langileei, langile sailekoak, informatikoak, arkitektu, e.a. Eta gero etorri direnei ere bai.
Hau enpresa handi bat da: urteroko nomina ia 8 milioi eurotakoa da eta aparte, beste hamaika milioi kontratatutako enpresetara doa.

Zeintzuk izan ziren egin zenituzten lehenengo lanak?
Zerotik hasi ginen lanean. Lehenengo lana estolderiako kutxatilak eta sifoiak izan ziren, ibaitik arratoiak igotzen zirelako. INEMrekin tratua egin eta hark finantzatu zuen lana.
Bigarrenena, ez dakit jendea gogoratuko den, baina Sancho taberna ondoan zegoen zaborra kendu genuen.
Ostean errepideko zuloak bete genituen, Udaletxea, hilerria, kiroldegia bukatu, etab.
Izan ere, zuk azaldu duzun bezala orduan ez zegoen Udaletxerik?
Zumaburun ginen. Udala sortu zenean, proiektua hartu eta orduko beharretara egokitu genuen udaletxea izango zena, baina egun txikia geratu da.
Zerbitzu asko ditugu, KIUB, kultur etxea, haur-eskola, Atsobakarreko Zaharren Egoitza, etab. eta eroso lan egiteko lekurik ez dago.

Herriaren eraldaketa handia izan da urte hauetan...
Oso handia da. Memoria eginaz, besteak beste, musika eskola, liburutegia, elkarteak, Zero Sette akordeoi orkestra, Alboka abesbatza, Erketz taldea, (bazegoen aurretik), Villa Mirentxu berriztatu eta udal ondare bilakatzea, ikastolen egokitzea, trena iristea eta Brigitarren eremuko egokitzea...
%43ko langabezia zenean industrialdea sortu zen. Orain ere berdin jarraitzen dugu, Michelin edo Teresategiko proiektuekin.

Gainera lan horietako asko oso kritikatuak izan ziren, ezta?
Bai horrela da. Villa Mirentxu edo Atsobakar auzoko lanekin, esate baterako, eta nik arrazoi nuela ikusi da.
Orain Atsobakarrek parke botanikoa eta hezegunea du, etxebizitzak eta parkeak umeentzako.
Hainbat proiektu arrakastatsu aurrera eraman ditugu eta horien aurka bozkatu dute oposiziokoek.
PSOEren bozkekin atera dira aurrera gauza horiek guztiak. Lehenengo urtean izan ezik -orduan guztiek bat egin genuen-, beste legealdi guztietan aurrekontuei gure alderdiak bakarrik eman die aldeko bozka.

Aurrerantzean ere, herrian aldaketak egongo dira...
Garatu da eta garatzen jarraitu behar du. Herri bat egunerokotasuna da, herria bizia da. Esate baterako, duela hogei urte egin genuena agian bost urtetan berritu behar dugu, zeren eta bere iraupena hogeita bost urtekoa da.
Guk zerbait garrantzitsua egin genuen duela hogei urte ur bideen banaketa: ur zikinak batetik eta euri urak bestetik joan zitezen. Orain lan garrantzitsua dugu Gobernuak 22 milioi euro jarriko ditu, ur zikinen bilketa hodiak jartzeko, herriko ur zikin guztiak bildu eta Loiolako araztegira eramango dira. Gure ibaia garbi utzita garapen handia izan dezake.
Horretaz gain badira beste egitasmo batzuk, Udaletxe berria, Antxon Mercero museoa, zorua berritzen jarraitzen dugu, Erdialdea oinezkoen gune izango da, osasun zentro berria eta hemendik gutxira zaharra botatzea, eta abar.
Babes ofizialeko etxeak egingo nituela esan eta hiru eremutan lanak hasi dira Goiegin, Zabaleta eta Loidi Barrenen. Eta laster irekiko da etxebizitzetan izena emateko zerrenda.

Momentu gogorrak bizi izan dituzu 24 urte hauetan, bai politikoki, baita pertsonalki ere...
Horrela da. Momentu latzena, Froilan Elesperen erahilketa izan zen.
Horren ostean, guztia aldatu zen Udal honetan. Harremanak puskatu ziren ez bakarrik, hilketa gaitzetsi ez zutenekin, haiekin harremana dutenekin ere.
Horrela, adierazi genuen 2007an, guk errespetua diegu jendek bozkatu dielako, baina politikan ez du guztiak balio. Horrelako orbainak ezin dira ahaztu.

Azken aldian, gainera, Somotoko auzia izan da nagusi eta oposizioko alderdiek zure kargu aldaketa horrekin zer ikusia duela diote...
Ez, ez da horrela, zinegotzi bezala geratzen naiz.
Niri sinestezina iruditzen zait azaldu dizudan guztitik oposizioak aurrekontuen %0,000002a kontuan izatea.
Azkenean, zerbait pertsonala da. Nik duela 23 urte ezagutu nuen herri horrekiko dudan maitasuna erabili dute, ni suntsitzeko.
Hau geldiune bat da eta nik zinegotzi bezala jarraituko dut. Nik ez dut erantzukizunik saihestuko.
Somotoko auzia sortu ez balitz, 2007ko hauteskundeetan aurkezteko asmorik ba al zenuen?
Ez, ez nuen asmorik. Nik ezkutatzeko ezer ez dudala azaltzeko aurkeztu nintzen 2007an.

Zeintzuk dira zure egitekoak Txilen?
Eusko Jaurlaritzako ordezkaria izango naiz, Txile eta Perun. Zerbait argitu nahiko nuke, nik ez dut esan SPRIko arduraduna izango naizenik. Lehendakaritzatik ere deitu zidaten hori nondik atera den jakiteko.
Ordezkaritza barruan funtzio ugari ditut, harreman instituzionalak, euskal-etxeak sustatu... eta horietako bat han dauden euskal enpresak sendotzea da, baina besterik ez.
Txile gainera hazten dagoen ekonomia da eta bertan euskal enpresa ugari dago.
Postu garrantzitsua da eta ongi egitea espero dut. Gainera, nik gustuko dudana egingo dut, kudeatu.
Horregatik eman zenien ezezkoa aurreko proposamenei, NBE edo Senatuko postuei?
Nik argi esan nuen, ez naizela ahulki batean eseri eta botoia ematen dion horietakoa.
Niri jendearekin harremana izatea gustatzen zait eta kudeatzea, hori da pertsona aberasten duena eta ikasteko aukera ematen duena. Nik ez nuen nire burua ikusten beste proposamenetan eta honek aukera ugari ematen dizkit.

Zergatik hartu duzu erabakia?
Hizkuntza ezagutzea puntu bat da, Txile eta Peru ez ditut ezagutzen, eremu horretako beste herrialde batzuk bai eta erronka handia da niretzat.
Hara bakarrik joan eta zerotik hasi. Ez dut inor ezagutzen Santiagon, guztia egin behar dut, etxea bilatu, etb. Abentura zalea naiz eta gutxi ezagutzen da nik dudan alde hori.
Horregatik, ilusioz noa. Ez dakit zer aurkituko dudan, berria da guztiz eta ongi hastea espero dut.
Nire esperientzia hara eraman eta jendeari gertutasuna erakutsi nahi diot.
Gainera, jendeak orain jakin du Txilen ordezkaritza bat zegoela, bazen ordua!!

Bi lanak bateratzen saiatuko zarela adierazi zenuen prentsaurrekoan?
Bai horrela da. Egun hauetan informeak eman behar ditut Gobernuan eta bilerak ditut. Txilen ordezkaritza duen Gipuzkoako enpresa batek nirekin hitz egitea eskatu du dagoeneko.
Esan bezala, bi lanak bateratzen saiatuko naiz, gero ikusiko da nola egin dezakedan.
Zer esan dezakezu zure ordezkariari, Jesus M. Zaballosi buruz?
Aurreko hauteskundeetan zerrendan sartu nuen. Nire ordezkoa zen argi eta garbi. Gaztea, heziketa handikoa, udalean esperientzia duena eta hark dioen bezala edozein saltsan sartzen dena.
Hori ongi dago jakinmina adimena delako. Ongi egingo duela uste dut.

Oposizioko talde batzuen arabera, Iñaki Mujika alkate-ordeak Somotoren auzian zer ikusia du eta horregatik ez da ordezkoa izan...
Ez dauka zer ikusirik. Horiek oposizioaren usteak dira, baina ez da horrela.
Jesus herrikoa da, bere lagunak, familia ditu hemen eta horregatik izan zen laugarren aurreko hauteskundeetan. Bazekien nire ordezko izango zela, baina hori ezin zen esan.

Hurrengo hauteskundeetan zerrenda buru izango da, beraz?
Bai, noski. Horregatik, hartu dut nik ere erabakia, Jesusek kargura egokitzeko denbora izateko.

Eta aurkeztuko al zara zu?
Ni ez naiz aurkeztuko, hori argi utzi nuen prentsaurrekoan. Lista ixtea proposatzen badidate agian, baina besterik ez.

Hurrengo hauteskundeetara begira...
Berriro ere, gehiengo absolutua izango dugula uste dut. Orain kaletik noa eta jendeak geratzen nau, besarkatzen nau, urte asko dira...
Gainera, aldaketa garrantzitsuak egongo dira. Gazte jendea eta ilusioa duen jendea sartuko da taldean eta lan egiteko gogoa duena, gainera.

Zein gomendio emango zenioke Jesusi?
Pazientzia handia izan behar du eta ezetz esaten ikasi behar du. Ezin zaio guztiari bai esan.
Jendeak ulertu behar du, gure erantzukizuna da eta gauza askori ezetza eman behar diogu.

Oposizioko alderdiek orain harremanetan aldaketak egotea espero dute...
Ez da aldaketarik emango harremanetan, berdin jarraituko dugu.
Haiek nire aurka egin dute, baita alderdiaren aurka ere.