Ane Labaka bigarren Abra sarian, Jone Uriaren atzetik

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 3a

Ane Labaka lasarteoriatarrak saio borobila egin zuen Algortako Villamonte kultur etxean jokatutako Abra Sariaren 9. edizioan, ia akatsik egin gabe bertso ederrak josi zituen eta saioaren amaierara arte aritu zen bertsotan txapela eskuratzeko ahaleginean. Bi bertsolariren arteko buruz burukora iritsi zen eta saio gozagarria osatu zuen txapeldun izan zen Jone Uriarekin batera.
Jone Uria Algortakoak berriro ere Abra sarian maila handiko bertsolaria dela erakutsi zuen eta Euskal Herriko Txapelketan osatu zuen lan bikaina ez zela kasualitatea izan.Uria eta Labaka finalistekin batera, Amaia Iturriotz, Saioa Alkaiza, Pello Ormazabal eta Ekaitz Samaniego gazteak aritu ziren. Abra saria Algortako bertso eskolak antolatu du aurten ere, Getxoko Udalaren babesarekin.