ARGI ETA IÑAKI GOGOAN ZAITUZTEGU
Egun hauetan bete dira zazpi urte, hain zuzen ere otsailaren 28an, gure herritar Argi Iturralde eta Iñaki Balerdik Albaceteko (Espainia) errepideetan bizia galdu zutela. Egun hartan, Juankar Balerdi semea eta anaia, Almeriako espetxera bisitatzera zihoazela izan zuten auto istripua. Ozen esan nahi nuke hura ez zela istripu soil bat izan, espainiar gobernuak euskal herriko sasipolitikarien kolaborazioz programaturiko erailketa baizik. Sakabanaketa politikak, euskal preso politiko nahiz senitartekoen sufrimendua areagotzea du xedea eta Argi eta Iñakiren heriotza politika horren ondorio zuzena izan zen. Zoritxarrez amesgaiztoak aurrera darrai, astero preso politikoen senide zein lagunek Espainiar nahiz Frantziar espetxeetara joan etorrian milaka kilometro egiten jarraitzen baitute. Politika anker honek martxan dirauen bitartean horrelakoak gertatu gertatu eginen dira eta guztion ardura da berandu baino lehen guzti honekin amaitzea. Espetxeetan euskal herritarrek bizi duten egoera ere aipatu nahi nuke lerro hauetan. Euskal presoek, espetxeetan eskubide murrizketa gero eta latzagoak bizi dituzte, esaterako gaixotasun larriak dituztenek eta beren zigorra osorik betea dutenek behin eta berriro ikusten dute beren presoaldia urte luzez nola luzatzen dieten biziarteko zigorra ezarriz. Eskubide urraketekin amaitzeko asmoz borrokaldi berria hasia dute azken asteotan Espainiar zein Frantziar espetxeetan sakabanaturik dauden euskal herritarrek, horien artean baita gure 13 herrikidek ere. Chek zioen bezala izan gaitezen gai barren barrenean sentitzeko munduko edozein lekutan edonori gertaturiko edozein injustizia eta hasi gaitezen gure herrian gertatzen direnekin amaitzeko lanean.
Bukatzeko, Balerdi-Iturralde sendiari nire besarkadarik beroena helarazi nahi nieke eta adierazi Argi eta Iñakik gure bihotzetan jarraitzen dutela.
Liher Unanue Urdapilleta
N.A.N. 44154205