Kudeatuz programaren babesean, Lasarte-Oriako Udalak Plazaolako landa-parkea osatuko duten gune desberdinak definitu nahi ditu, herritarren sektore guztiek parte hartuz.
Plazaolako proiektua
Plazaolako landa-parkea Oztaran auzoan dago, Plazaolako bide berdearen paralelo doan ibarreko errekaren ondoan, eta izena ematen dion trenbide zaharraren trazatuan barrena hedatuko da.
“Herritarrek oso ezaguna duten eremua da hori,” azaldu zuen Iñaki Mugikak.
200.000 metro karratu baino gehiagoko hedadura duen gune hori hirigintzako hasierako fasean aurkitzen da. Barruko Erreformarako Plan berezia idatzi zain.
“Plazaolako landa parkea aukera ona iruditu zitzaigun, oraindik ezer ez dagoelako zehaztua, landa parkea izango dela soilik,” aipatu zuen jarduneko alkateak eta ”horregatik, herritarrek haien proposamenak egiteko aproposa da eta, era berean, parte hartzea sustatzeko proiektu ona,” gaineratu zuen.
Proiektuaren lehiaketa data atzeratu dutela aipatu zuen ere Mugikak, “lehenik herritarren iritziak jakin nahi direlako.”
Parte hartze prozesua
Horretarako, herritarren sektore desberdinen “adineko pertsonen, haurren, helduen zein gazteen” beharrak eta lehentasunak jakin nahi ditu Udalak Plazaolako landa-parkea osatuko duten gune desberdinak definitzeko.
Era honetara, martxoan, apirilean eta maiatzean eramango da prozesua aurrera, “herritarrekin bilerak egingo ditugu,” aipatu du Iñakik.
Herritarrei prozesuari buruzko informazioa helaraziko zaie, “bando eta eskutitzen bidez” eta lehenengo bilera, martxoaren 11an izango da Manuel Lekuona kultur etxean.
Prozesua irekita egongo da bai herritarrei, baita taldeei ere, hala ere, “bileretan egingo diren talde dinamikak kontuan izanik, pertsonalki joatea da hoberena,” aipatu zuen jarduneko alkateak.
Bileretara joan ezin dutenek landa-parkeari buruzko proposamenak egiteko aukera izango dute martxan jarriko den web orrialdean eta udaleko posta ontzi berdeetan.
Kudeatuz, partaidetza sustatzen
Edurne Egañak azaldu zuen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoen artean, garrantzi berezia hartu du “kultura politiko berriak” eta honen barruan, herritarren partaidetza.
Azaldu zuenez, hiru ildo nagusitan lanean dihardu Aldundiak hau sustatzeko, formazioa, ikerketa teoriko praktikoa eta esperientzia praktikoak. Eta azken honetan kokatzen da Kudeatuz egitasmoa.
Ekimenaren bigarren edizio honetan Lasarte-Oriaz gain, beste zortzi udalerrik parte hartzen dute eta proiektuaren prozesua fase desberdinetan dago.
Honetaz gain, Egañak aurreratu zuenez, esperientzia guzti hauei esker, Herritarren partehartzerako araudi Forala eratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.