Unai Muñoa herriko bertsolaria arituko da saioko gidari eta gai jartzaile. Berak azaldu dizkigu antolatzaileen asmoak eta "Hitzaren jolasa musikaren koloretan" leloaren zergatia: "Emanaldiaren pisua hitzak du, bertsoak, eta musikak kolorea emango dio. Nahiz eta musikak badaukan berezko kolorea, diziplina propioa bada ere, kasu honetan, bertso saioaren osagarri izango da, hau da, musikaren koloreak zipriztinduko ditu hitzak".
Arrieskalletako saioa, martxoaren 6an izanik eta bi emakume arituko direnez, hilaren 8an Emakumearen Eguna dela eta antolatutako saioa badirudi ere, ez da horrelakorik Unai Muñoak azaldu digunez: "Beste hainbat ekitaldiren artean data bilatu behar eta horrela suertatu da". Maialen eta Uxue ekartzeak ere ez du zerikusirik emakumearen egunarekin: "bi artista gustagarri direlako aukeratu ditugu Maialen eta Uxue, uste dugu konbinazio polit bat osatuko dutela eta saioari tonu desberdin bat emango diotela".
Giro goxoa
Unai Muñoa, saioaren gidariaren asmoa, tonu ezberdinak bilatzea da, umorea, samurtasuna... "tonu humanoa, kaleko gaiak, gai intimoak, ez bertsolarien barruko gauzak jakiteko, baizik eta denontzat kuttunak izan daitezkeenak. Saiatuko naiz giro goxo bat sortzen eta, aldi berean, Maialenek eta Uxuek eman dezaketen sentsibilitatea aprobetxatzen. Umoretik, ironiatik eta egoera askotatik". Gainera Unairen ustez, Eñaut egokia da hor: "egia da emozioek presentzia bat izango dutela saio honetan, eta Eñaut asko helarazten den musikaria da. Ondo enkajatuko duen pieza gisa ikusten genuen. Batetik bertso-aldi batzuk musikatzen lagunduko digu, besteek inprobisatzen duten bitartean berak musikaren kolorea erantsiz, eta beste une batzuetan ka nta bat edo beste abestuko du, izan daitekeena gai edo ez".
Eñautek ez ditu bakarrik bere abestiak kantatuko: "Sorpresak izango dira saioan".