Batzar aretoa ohi ez den bezala, jendez betea zegoen, alkatearen familia, herritarrak, alderdiko kideak eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzatik Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri lan eta Garraioko sailburua, Jesus Eguiguren PSE-EEko lehendakaria.
Saioa hasi baino lehen, PSOEko alderdi kideen izenean Jone Altunak lore sorta eman zion Ana Urchueguiari.
Ostean, Udaleko lehen urteak, lehenengo lanak, orduko langileak eta Froilan Elespe gogora ekarri zituen.
Era berean, guztien alkate izaten saiatu dela eta herriaren onerako lan egin zuela adierazi zuen, “nik asko eman eta utzi dut herri honen alde.”
Langile guztiei eskerrak eman eta bere senideei hitz batzuk eskaini zizkien.
Eta aldaketaren ordua iritsi dela azpimarratu zuen, “gidari aldaketa da eta Jesusek ongi gidatuko du. Nire laguntza osoa eskaintzen diot, izan ere, Relato Breve de Lasarte-Oria liburuan agertzen den bezala, Lasarte-Oria hobe baten alde lan egin nahi baitugu.”
Amaieran karguari uko egin zion hitz hauek esanaz, “Eusko Jaurlaritzako Gobernu kontseiluak Txile eta Peruko ordezkari izendatu nau eta kargu berriaren eginbeharrak alkatetzako lana galarazten didate.” Hala ere, zinegotzi bezala jarraituko duela azpimarratu zuen.
Azken hitzak esan eta aretoan betetzen zutenek txalo zaparrada eskaini zioten alkate-ohiari.
Aurpegi garbiketa
EAJ eta Ezker Abertzaleko zinegotziak izan ezik, beste alderdi guztiek batzarrean parte hartu zuten.
Alderdi hauek saiora ez agertzearen arrazoia azaltzen duen oharra helarazi ziguten.
Honetan oposizioak saio honetan hitzik ez izatea salatu zuten eta Udal batzarraren bilera deiak helburu bakarra izatea, alkateak egun hauetan jasotzen ari den kritikak saihestea, Txilen eta Perun Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izendatua izan denez.
“Ez-ohiko udalbatzaren deia egin du, baina berak bakarrik izango du mintzatzeko eskubidea, behin eta berriro saiatu nahi baitu bere irudia garbitzen, eta bat-bateko irteera hori Lasarte-Oriako Udalean kooperazioaren kudeaketari buruz zabalik dagoen ikerketaren gorabeheretatik bereizten,” adierazten dute.
“Ez dugu azken boladan antolatu izan dituen ikuskizun horietako bat onartuko, helburu bakarra baitu bere irudi aski hondatuari gorazarre egitea, eta, ahal duen bezala, udalaren ate txikitik ihes lotsagarri batean atera behar ez izatea,” azaltzen da oharrean.
Beharrezko aldaketa
Era berean, ohar bidez, Lasarte-Oriako Herri Plataformak ere bere iritzia eman zuen gaiari buruz.
Urchueguia alkatearen irteera beharrezkoa zela dio Plataformak, “ia 25 urte izan dira eta aldaketa beharrezkoa zen.”
Plataformakoen iritziz, “gai garrantzitsuek, kooperazioko diruaren kudeaketa, Babez ofizialeko 1.000 etxebizitza eraikitzearen konpromezua eta oraindik eraikitzen hasi ez direnak, Zubietako erraustegiaren eraikuntza ekidingo luketen alternatibei uko egitea eta bere ideiekin bat ez datorren ororekin solasaldirik ez izatea, bere irteera beharrezkoa eta luzaezina izatea ekarri dute.”
Honetaz gain, “zinegotzi karguari uko ez egitea harritzen gaitu, ez baitugu ulertzen Txiletik nola beteko dituen bere egin beharrak,” azpimarratzen dute.
Eta Zaballos ordezko egokiena dela aipatu eta elkarrizketara irekiak daudela jakin arazten diote, “herriaren kudeaketaren eta elkarbizitzaren onerako bada eta orain arte herri kudeaketa gaiztotu dituzten puntuak argitzeko.”
Alkate hautaketa
Gauzak honela, Udalbatzarrak gaur aukeratuko du alkate berria.
Jesus M. Zaballos da hautagaia nagusia eta, datu guztien arabera, gaur alkate izendatua izango dena.