Lasarteoriatarren artean, maratoi osoa Gorka Lasa eta Tomas Arrutik egin zuten 2009an bezala; Xabi Arruti eta Ketxus Marcos-ek maratoi erdia egin zuten, 21 kilometro; Iñaki Arruti eta Itziar Dorronsorok maratoi laurdena, 10 kilometro. Dena den, maratoian parte hartzea korrika egitea baino gehiago da, sahararren bizimodua ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Iñaki Arrutik azaldu digu hori: "Esperientzia oso aberasgarria izan da, aukera oso polita, kirolarekin uztartuta herrialde bat ezagutu eta umeentzako esperientzia hezitzaile berri bat izan. Gure kasuan bestela hain baldintza gogorrak diren leku batera ez ginateke joango gure kasa eta oso aukera polita izan da: Gogorra, hemengo bizitzatik joanda, baina ikasgai bat".
Familian egin dute bidaia, Iñaki Arruti eta Kontxi Berriotxoa euren bi alabekin joan dira. Hori nabarmendu digute hain juxtu, "gure bidaiak aldagai hori ere bazeukan umeei beste zerbait erakustea eta nire ustez, oso ondo moldatu dira. Jaima barruan ordu pila bat pasatzen zituzten eta oso ondo kontaktatu dute hango umeekin. Bi etxeetan aritu dira umeekin jolasten". Sahararrek hassaniera hitz egiten dute, arabiarra ere bai, eta belaunaldi berriek gaztelera ikasten dute eskolan edota askok hemen egiten dituzten udako egonaldietan, baina hizkuntza ez da arazo izan ume euskaldunak eta sahararrak elkarrekin ibiltzeko eta jolasteko orduan.
Bi autobusetan joan ziren 85 euskaldunak Madrilera. Otsailaren 19an atera ziren, bat Donostiatik, bestea Bilbotik eta Gasteizen elkartu. Madriletik bi hegazkin atera ziren, bakoitza 150 lagunekin. Beraz bigarren hegaldian erdiak baino gehiago euskaldunak ziren.
Bi errepidean
Aste bete pasa dute Saharako kanpamenduetan, lehenengo egunak Smarakoan eta azkenak Dajlakoan. Telebistako Reality Show batean bezala ere ibili dira, ETBko "Bi Errepidean" saioko hiru partaide ere joan baitira Saharako maratoiko eta kanpamenduetako egonaldiko irudiak jasotzeko: Urko Aristi kazetaria kamara eta soinu teknikariarekin batera.
Tomas Arrutik aitortu digunez "egunero zegoen zerbait grabatzeko. Tarteka libratzen ginen gu. Esaterako Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko Mohamed Abdelaziz, presidentearekin egon ziren. 40 minutuko elkarrizketa egin zioten, Smarako auzo bateko osasun etxe batean ere egon ziren..." Donostiako eritetxean 12-14 kaxa benda, antibiotiko, suero, maskara, eskularru... jaso zituzten eta material hori guztia auzo horretan utzi zuten.
Beharrak alde guztietan dituzte, baina baliabide handirik gabe bada ere, nazioarteko laguntzei esker ez dute goserik eta ume guztiak eskolatuak daude. Sahararren borondatea eta baloreak guztiek azpimarratu dituzte. "Mimatu egin gaituzte" kontatu digu Xabi Arrutik. Bere iritziz, "ez da ondo pasatzeko bidai bat, hango egoera gogorra da, baina gu oso ondo egon gara, oso ondo tratatu gaituzte, baina konturatzen zara hango egoeraz, eta batez ere itzulera da gogorra, haiek han uztea: zuk badakizu nora zatozen eta haiek non geratzen diren".
Beste mundu bat
Ketxus Marcosen iritziz denak itzuli dira ukitu xamarrak: "egunero bertakoekin euren etxeetan, daukatenarekin eta batez ere ez daukatenarekin bizitzeak markatzen du. Horrek denok hunkitu gaitu".
Denek ekarri dute antzeko inpresioa. Familiakin joan den Iñaki Arrutik beste mundu bat ezagutu dutela nabarmendu du: "gurearekin gauza askotan zerikusirik ez du. Baliabide material aldetik zein gutxirekin bizi daitekeen erakusten dizute, ez luke horrela izan behar baina baliabide materialak gutxiago direnean bestelakoak, hitzak, giza harremanak eta horrelakoek garrantzia gehiago dute. Sanoagoak eta naturalagoak dira".
Maria Uzkudunen ustez "esperientzia oso ona" izan da "beste balore batzuk ikasten dituzulako. Behar batzuek dituzte, agian gauzak falta zaizkie, osasun azpiegiturak,... baina gero badituzte beste balore batzuk guk jada hemen galdu ditugunak. Familiaren aldetik, adibidez, saiatzen dira daukatena edo ematen diezuna guztien artean konpartitzen, lehengusu, izeba, iloba,... tratua ere oso ezberdina da guk daukagunarekin. Beraien gizartetik gauza asko ditugu ikasi beharrekoak".
Emakumeen pisua
Iñaki Arruti eta Maria Uzkudunek emakumeek hango gizartean duten garrantzia nabarmendu dute. Arruti asko harritu du hango nolabaiteko matxismoak: "emakumea da hango eguneroko bizitzaren zutabea. Gizonak ejerzitoaren oinarrian egongo dira, baina eguneroko bizitzan erantzukizunik ez dute sentitzen, familien karga handia izan arren".
Maria Uzkudunen ustez, "gizartea aurrera eramaten dutenak eta familian pisua dutenak emakumeak dira, lan asko egiten dute, etxea emakumeak eramaten du. Gizon batzuek kanpoan lana egiten dute edo ejerzitoan daude,... baina emakumeak gizartean duen pisua azpimarragarria da".
Lehenengo Smaran eta gero Dajlan bertakoen etxeetan egon dira. Gorka Lasa eta Tomas Arruti berriz joan dira, eta pozik dira iaz han egindako lagunak berriro ikusita. Arrutik esan digunez sentsazio gazi gozoa da, "polita han lehengo urtean utzitako familia eta ezagutzen dugun jendea berriz ikusi eta ondo daudela jakinda eta, gogorra, itzuli eta han segitzen dutelako, geldi, errefuxiatu kanpamendu batean, egoera gogorretan".
Basamortuan nekatuta
Egun hauetan konturatu dira, gazte saharar asko erreta daudela, etorkizun beltza ikusten dutelako, nahiz eta AEBen bitartez marokoarrekin hitzegiten saiatzen ari direla jakin.
Belaunaldi gazteak handik kanpo ibili eta ikasitakoak badira ere, nekatu xamar daude. Bisitariek kontatu dutenez, "erresistentzia baketsua ondo dagoela diote baina 35 urte nahikoa direla. Edo hil egiten naute edo atera egingo gara zulo honetatik". Erresistentzia baketsuaren aurrean, nazioarteko babesa antzua da korapiloa askatzeko. Azken finean Marokiarren interes ekonomikoak gailentzen dira.
Iñaki Arrutik sahararren "erresistentziarako ahalmen txundigarria" nabarmendu digu: "35 urtean baldintza horietan eutsi izana. Politikoki, injustizia handiagorik ez dakit nonbaiten irudikatu daitekeen, bere lurraldetik bota egin zituzten. 35 urte desertuan pasa eta hala ere ez dago konponbiderik? Hori niri gogorra egiten zait".
Astelehenean Maratoia
Duela hamar urte antolatu zen elkartasuna eta kirola uztartzen dituen proba hau lehen aldiz, hain zuzen ere basamortuan 25 urte bete zituztenean, eta ordutik urtero egin da maratoia. Aurtengoa, astelehenean otsailaren 22an egin zuten. 25 herrialde ezberdinetako 878 korrikalarik hartu zuen parte eta guztien artean azkarrena Jon Salbador bilbotarra izan zen, 2 ordu eta 42 minutu behar izan zituen ibilbide osoa egiteko eta errekor berria jarri du. Aurretik bi aldiz irabazi zuen Saharako maratoi erdia.
Lasartearren artean Saharako X. Maratoia Tomas Arruti eta Gorka Lasak egin dute, maratoi erdia, Xabi Arruti eta Jesus Marcos-ek eta hamar kilometro Iñaki Arruti eta Itziar Dorronsorok. Gero, ostegun arratsaldean Dajlan egindako umeen "maratoia" oso polita izan zen.
Ketxus Marcosek kontatu digunez, kostatu zitzaion 21 kilometroko proba bukatzen, "batez ere azken kilometroa", baina lasarteoriatarraren iritziz, oso interesgarria eta sentsazio polita da "halako leku hutsean, inor ez dabilen tokietan korrika egitea".
Proba gogorra
Aurten Tomas Arruti eta Gorka Lasak aurreko urtean baino denbora txarragoa egin dute. Abdelaziz lehendakariak eman zion hasiera probari eta beranduago hasi da, iaz 9etan eta aurten goizeko 10ak baino zerbait lehenago, eta bero handiagoa egin zuen.
Gorka Lasak kontatu digunez, "korrika iaz baino askoz ere okerrago, alde batetik bero handiagoa egin zuelako eta bestalde, hondarrarengatik. Gelditu egin behar izan nuen kentzeko, babak atera zitzaizkidan, gaizki pasatu nuen. Iaz ez zitzaidan hain gogorra iruditu, baina aurten esango nuke oso maratoi gogorra dela".
Dena den Gorka Lasa maratoiaren ondoren egin zuten euskal jaian zutik izan zen txalaparta jotzen, Smaran zeuden Jaimaren inguruan, Tomas Arruti eta Nekane Miner hernaniarrarekin batera. Elkar truke polita osatu zuten astelehen iluntzean: euskaldunak txalaparta jo ondoren euskal kantak abesten aritu ziren eta inguruan ziren sahararrak ere animatu eta euren abesti eta dantzak eskaini zituzten.
Asteazkenean joan ziren Dajlara eta bertan izan ziren ostiral eguerdian Tindufetik Euskal Herrira abiatu ziren arte. Lurrazpiko ura erabiliz negutegietan jartzen dituzten barazkiak ikusi zituzten bertan.
Ostegunean futbol partiduak izan ziren. Batetik Saharako selekzioak kanpotik joandakoen aurka jokatu zuen. Denek jokatu nahi zuten partidua, euskaldunek ere bai, eta bost minuturo aldatzen zituzten jokalariak. Dena den lasarteoriatarrek aitortu digute eurak sahararrak animatzen aritu zirela, baina, berdindu eta penaltitan galdu zuten hauek "munduko selekzioaren aurka".
Errealeko kamisetekin
Ondoren beste partidu bat jokatuko zuten Dajla eta Smarako taldeek eta bitxikeria moduan bi hamaikakoek hemengo taldeen elastikoak jantzi zituzten. Fatima, Smarako taldearen entrenadorearen jaiman izan ziren lasarteoriatar batzuk, eta hemendik errealaren kamisetak eraman zituztenez, Smarako taldeak kamiseta horiekin jokatu zuen. Dajlakoek Barakaldoko taldearen arropak zeuzkaten. Beraien arteko ligaxkako final honetan Dajlakoak nagusitu ziren 2-0, Barakaldo beraz nagusi Saharako ligaxkan.
Ostiralean bertako aberri eguna ospatu zuten eta ondoren itzuli ziren Euskal Herrira. Agurrak noski gogorrak eta hunkigarriak izaten dira. Gorka Lasaren iritziz, "aukerak badira joateko baina badakizu urte bete behintzat itxaron beharko duzula. Pena ematen dizu, gogorra izaten da".
Gertu eta aldi berean urrun
Maria Uzkudun ere mintzatu zaigu agurraz: "Ikusitakoa ikusita gero gogorra da itzultzea eta oso erraza berriro hemengo egunerokotasunean murgiltzea. Pena edo beldur hori badaukat, oraindik ez baina hemendik hilabete batzuetara zer geratuko zait esperientzia honetatik?"
Saharara itzultzeko gogoarekin etorri dira. Mariak esan digunez, "bisitan egon gara, asko eskertzen dute bere herriaz gogoratzeagatik eta gauzak eramateagatik,... baina askotan sentsazioa izaten dute nolabait beraietaz ahazten garela, eta beti presente eduki beharko genituzke. Hortxe daude, nahiko gertu daude eta aldi berean oso urruti. Kontaktua mantentzeko edo norbaiti gauzak eraman eta heldu arazteko ere ez da batere erraza. Espero dut bueltatzea".