Iritzi artikuluekiko interes eza gero eta handiagoa da. Egunkari irakurleon artean, oso ohikoa da zati hau zuzenean alde batera uztea, edota bertako bineta komikoari soilik erreparatzea.
Fenomeno honen zergatiaz pentsatzen jarrita, bi arrazoi otu zaizkit. Batetik, jada norbanakoen iritziak bost axola zaizkigula; edota bigarrenik, pertsona konkretu batek soilik esan lezakeena interesatzen zaigula, aurretik jakina eta, gehienetan, konpartitua dena. Azken arrazoi honek, agian, autokritikarako gaitasuna guztiz galdurik dugula pentsatzera narama, nahiz ez den hau testu honetan jorratu nahi dudan gaia.
Iritzi esparruan, era kolektiboan soilik funtzionatzen dakiten makinak bihurtu gara, itsu-itsuan jokatzen dutenak eta gizartean rol jakin bat soilik betetzen dakitenak. Indibidualtasunak, pentsaera askeak, zentzu osoa galdua du. Beldurra diogu bai bakardadeari, eta baita era autonomoan pentsatzeagatik epaituak izateari ere. Taldea da, funtsean, gure babes, eta aldi berean, gure ideien borrero.
Nire barkamenak artikulu morboso eta bero bat bilatu duenari. Baina ziur naiz, sexuak eta morboak, orokorrean, mintzo naizen iritzi artikuluek baino jende multzo askoz handiagoaren interesa erakarrita, normalean baino jende kopuru askoz handiagoak irakurri nauela. "Kontsolazioak" beste baterako.