Lasarte-Oriako alkate berria da Jesus Zaballos gaztea

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 6a

Udalbatzar aretoa lepo zegoen ostiral goizean, PSOE-EE alderdiko ordezkariek, herriko afiliatuek, herritarrek eta bere senideek ez zuten Jesus Mari Zaballosen alkate izendapena galdu nahi.
Jarduneko alkateak Iñaki Mugikak, Batzarra ireki eta PSOE-EEko alderdiko hautagaia Jesus Mari Zaballos izango zela jakinarazi zuen.
Oposizioko alderdiei ordezkaririk aurkezten zuten galdetu eta hauen ezezkoa izan ostean, Udalbatzarrak Jesus Zaballos alkate bezala onartzeko bozketa egin zuen.
Zinegotziak banaka, idazkariak deituta bere bozka egin eta zortzi boto izan ziren Zaballosen alde, beste bederatzi, aldiz, zuriak. Hala ere, PSOE-EE hauteskundeetan zerrenda bozkatuena izanagatik, bere ordezkariak alkate kargua lortu zuen.
Karguaren zina egin zuen Zaballosek eta Ana Urchueguiak aginte makila eman eta banda jantzi zion.

Diskurtsoa

Ostean, alkate bezala, bere lehenengo diskurtsoa egin zuen, euskaraz eta gazteleraz.
"Oso eskertua nago eta ilusioz betea gaur eman didaten betekizunarengatik eta, era berean, kontziente naiz niregan hartzen dudan erantzukizunaz," adierazi zuen.
Egun hauetan jendearen hurbiltasuna izan duela eta eskerrak eman zizkion Ana Urchueguiari, "Nire herriko alkate bezala ezagutu nuen lehenengo, alderdikide bezala ondoren eta, azkenik, korporazio honetako kide eta bere kolaboratzaile gisa."
Froilan Elespe gogora ekarri zuen, alderdi kideei eskerrak eman dizkie beregan izan duten konfidantzarengatik eta urte hauetan eman dioten babesagatik.
24 urte hauetan korporazio desberdinek egindako lana eskertu zuen eta Udal langileei zuzenduz "guztien ekarpena, zuen konplizitatea eta zuen konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizunean motor hori izaten jarraitzeko. Deialdia luzatzen dizuet enpresa eraldatzaile honi eusteko," adierazi zuen.
"Gaur egiten dugun aldaketa ez da bukaera. Geldiune bat da indarrak hartu eta jarraitzeko. Egindakoa aztertu eta autokritika egiteko," aipatu zuen alkate berriak.
Oposizioari eskua zabaldu eta krisi garai honetan, denon lanarekin proiektuak aurrera aterako direnaren ustea agertu du.
Herriari ere zuzendu zitzaion, "Lasarte-Oriako alkatea naiz, baina Lasarte-Oriako jendearen alkatea izan nahi dut," esan zuen eta "udalak ezin du guztia egin, baina guztiarengatik arduratu behar da. Herritarrei gertatzen zaienaren berri jakin behar dugu" azpimarratu zuen.

Elkarrizketa

Aldizkari honetako, 4. eta 5. orrialdean, alkate berriak, Jesus Mari Zaballosek Txintxarriri eskainitako elkarrizketa irakurri dezakezue.