“Herriko lana jendearekin egotea da, arazoak entzun eta horiek konpontzea”

Nerea Eizagirre 2010ko mar. 8a, 01:00

Ostiralean Jesus M. Zaballosek alkate-karguaren zina egin zuen udalbatzarrean. Hiru urte egin ditu Gazteria eta Festak eta Kirol saileko buru bezala, baina politikan esperientzia handiko gaztea da Zaballos. Juventudes socialistas-Egazen hasi zeneko garaia, urteetako lana edo bere kargu berriaz mintzo gara alkate berriarekin izan dugun solasaldian.

Noiz hasi zinen politikan?
Duela sei urte sartu nintzen JSE-Egaz-en. Zuzenbidea ikasten hasi eta ikasle mugimentuetan sartu nintzen.
Orduan, pixkanaka politika gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, jendeari konponbideak eman eta laguntzea gustoko nuela.

Nolakoa izan zen zure ibilbidea JSE-Egaz-en?
Behetik, afiliatu bat gehiago bezala hasi nintzen, kongresuetara joan eta azken autonomikoetan, Euskadiko zuzendaritza-batzordean sartu nintzen gazte sailan arlo guztien eta hauteskunde ekintzen kudeatzaile bezala.
JSE-Egaz-eko kanpaina nire taldeak prestatu zuen eta alderdiaren gazte saileko hizlari ni izan nintzen hauteskunde horietan.
Beraz, alderdian lan asko egin dut.

Miguel Buen, Eusko Legebiltzarreko mahaiko lehendakariordearen aholkulari ere izan zara...
Bai horrela da. Ikasketak bukatu eta asko kostata, lana aurkitu nuen aholkulari judidiko bezala.
Han nintzela, alderdiak deitu eta Miguel Buenen, Eusko Legebiltzarreko mahaiko lehendakariordearen aholkulari postua eskaini zidan.
Baina ezetza eman nuen. Alderdiak hobeto pentsatzeko esan zidan eta azkenean, baiezkoa eman nuen.

Noiz arte izan zinen kargu horretan?
Udal-hauteskundeak arte izan zen hori.
Alderdiak zinegotzi bezala joatea eskaini zidan beste herri batera, oposizio bezala eta zerrendatan bigarren postuan, hau da, politika aktiboan.
Nik Anari azaldu nion eta berak ni Lasarte-Oriako zerrendan egotea nahi zuela esan zidan.
Eta eskerrak eman behar dizkiot, oposizioan asko ikasten bada, gobernu taldean are gehiago.

Eta zinegotzi hautatu zintuzten...
Nik konpromezua hartu nuen eta horrela bada, azkeneraino noa. Gainera, herritarrekin ere konpromezua dut.
Horregatik, beste arloetan ere laguntzen saiatu naiz, hirigintza, gizarte zerbitzuak. Haiek eskatuta, baina nik nahi nuelako egin nuen. Ikastea gustoko dut eta jakinmina dut.
Nire ustez, Udalean ez du pertsona batek bakarrik lan egiten, gobernu taldeak baizik.

Gazteria sailean ere, gauza asko egin dituzu?
Taldearen lanari esker atera dira egitasmo horiek aurrera.
Nik argi nuen gazteen egunerokotasuna zein zen jakin behar genuela.
Musika taldeak zeuden eta horiei aukera bat emateko, Parapetoa entsegu lokal bezala utzi, eta maketa lehiaketa sortu genuen ezagutzera emateko.
Gazteen partaidetza ere sustatu nahi izan dugu, gaztelekuari buruzko ikerketa, San Pedroetako bandoak, gazteideak lehiaketa, gazte ikastaroetako inkestak...
Erabiltzaileen beharra eta iritzia jakiteak, zerbitzu hobea emateko balio du. Gainera, haiek zer egin nahi duten proposatzea nahi nuen.

Horretaz gain, Gaztelekua dago...
Nire lehentasuna gobernu taldean sartu nintzenean gaztelekua zen eta ez nuen proiektua egin nahi egiteagatik. Erabiltzaileen iritzia jakin nahi nuen.
Gazteak eroso egoteko lekua izango da eta haien beharrei egokitua egongo da. Oso pozik nago proiektuarekin.
Gaztelekuan KZgunea, gazte ikastaroetarako gelak eta Gazte informazioko bulegoa egongo dira, besteak beste.

Noiz jakin zenuen Ana Urchueguiaren ordezkoa izango zinela?
Hau prozesu bat izan da. Anari postu desberdinak eskaini dizkiote eta beretzat egokiena zenaren zai zegoen.
Azaroan, Eusko Jaurlaritzak Txile eta Peruko ordezkari izatea eskaini zion eta bere gustukoa zen. Orduan hasi ginen trantsizioarekin.
Baina Somotoko komisioa sortu zen, gero biktimen omenaldia eta pixkanaka atzeratzen joan zen.
Anak horrela eskatuta zuen, gainera.

Nolakoa izan da trantsizio hori?
Guk modu lasaian egin dugu alarma ez sortzeko. Ana doa, baina horregatik ez da Udala geratuko edo desagertuko.
Anak zinegotzi lanak egingo ditu, gobernu taldeak berdin lan egingo du eta udala ere berdin egongo da.
Sail desberdinetako gauzak ikasi ditut, Anarekin asko egon naiz eta nik pixkanaka neure gain erantzukizunak hartzen joan naiz.

Zer suposatzen du zuretzat Lasarte-Oriako alkate izateak?
Nire ustez, politikoki, edonori eskaini dakiokeen posturik hoberena bere herriko alkate kargua dela.
Ni herriaren parte naiz, herritar bat gehiago eta ezagutzen duzun jendea laguntzeko gaitasuna duzu.
Patxi lehendakari izendatu zutenean, Jaurlaritzan postu bat eskaini zidaten. Oso eskaintza ona zen niretzat, baina ezetza eman nuen, Jaurlaritzako lana ez delako hain zuzena.
Herriko lana jendearekin egotea da, haien arazoak entzutea eta horiek konpontzeko ahaleginak egitea.
Eta jendeari ezetz esatea da. Norbaiti ezetza eman eta argudioak eman, eskaera horren ezezkoaren arrazoiak eman.
Herritarrei gertatzen zaien gauzei buruz jakin behar dugu, gure eskumena bada edo ez. Eta ez bada nora jo azaldu behar diogu. Lagundu behar ditugu. Hori da nik gustoko dudana.

Eta alkatea izateaz gain, beste sailik eramango duzu?
Aldaketak egongo dira korporazioko organigrama osoan.
Zinegotziekin hitz egin dut aldaketak zeintzuk diren azaltzeko eta argitara eman baino lehen teknikoekin hitz egin nahi dut. Beraz, hurrengo batzarrean jakingo duzue ziurrenik.
Ana zinegotzi bezala egongo da soilik. Sailak besteen artean banatuko ditugu eta ondorioz, lan gehiago egin beharko dugu.

Oposizioko alderdi batek eskua luzatu dizu harremanak hobetzeko...
Nik ez dut arazorik oposizioarekin, harreman ona dut guztiekin.
Baina egin duten oposizioa oso gogorra izan da batzuen kasuan eta irainak erabiliz gainera.
Hori guztia bukatzen bada eta oposizioak bere lana egiten badu, ni prest nago haiekin akordioak egiteko.
Baina nik haiengan konfidantza izan dezakedala erakutsi behar didate.

Hurrengo hauteskundeetan zerrenda buru izango zara, zerbait aurreratzerik bai?
Bakoitzak bere estrategia du hauteskunde kanpainan eta nik nirea izango dut.
Nire lan taldea eta alderdi kideak kontuan izango ditut eta Udala kudeatzeko talde hoberena hautatzen saiatuko naiz.
Hala ere, oraindik urte eta erdi geratzen da horretarako eta motzean, legealdi hau bukatzea da nire helburua. Dauden proiektuak aurrera eraman eta nik beste batzuk martxan jarri.

Beraz, proiektu gehienak legealdiaren amaierarako bukatuak egongo dira?
Lanak egiten ari dira eta epeak mantentzen kasu batzuetan. Udala esate baterako bukatua egongo da, beste batzuei bultzada bat eman beharko diogu.
Egia da legealdi honetan lan zibil asko egin dela. Jendeak behin baino gehiagotan esan dit, mesedez gelditu Lasarte-Oria hankaz gora dago eta. Baina lanak beharrezkoak dira herria hobetzeko.
Gainera finantzaketa bila gabiltza. Esate baterako, Loidi-Barreneko pilotalekua eta Gaztelekua Estatuko laguntzarekin egin nahi ditugu.
Loidi Barreneko pilotalekuko bigarren faseko eskaera onartu dute. Orain baldintza-agiria egiten ari gara lehiaketarako eta urte amaieran, egina egon behar du.
Eta Gaztelekuaren proiektuaren erabakia hurrengo astean emango digute.
Hala ere, hemendik aurrera, lanak epe motzekoak egiten saiatuko gara herritarrei arazorik ez sortzeko.

Eta etorkizuneko proiekturik aurreratu ahal duzu?
Esku artean dugun beste proiektua kiroldegia berriztatzea da.
Oraindik ikusi behar ekonomikoki oso inbertsio handi delako. Foru Aldundia eta Estatuarekin hitz egin beharko dugu aurrera eramateko.

Eta Alkatetzan 24 urte egingo dituzu?
Argi dut bizitza politikoak bukaera bat duela, Ana Urchueguia bezala 24 urte izan daitezke edo bi legealdi.
Horregatik, Udalaren lanera ohitu beharrean, ikasten jarraitu dut.
Horrela, hirigintzako masterra eta zinegotzi lana bateratu ditut.
Etorkizunean ez baitakigu herritarrek zer erabakiko duten. Edo, agian, nik politika uztea erabakitzen badut ikasketak eta titulazioa ditut enpresa batean edo lana aurkitzeko.

Jakin minari erantzuten

Ospitaletara autobusa eta auzo arteko autobusa
Proiektua oso aurreratua dago, horrekin jarraitu nahi dugu eta legealdi honetan bukatua egotea espero dugu.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dugu. Autobus konpainiarekin guztia zehaztu dugu eta auzo elkarteekin ere hitz egin da, geltokiei buruz duten iritzia jakiteko. Beraz, pixkanaka aurrera doa.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta zozketak
Oso aurreratua dago gaia, nahiz eta oposizioak horrela ez dela dioen. Baina Goiegiko ibarrean lanean daude eta Loidi-Barrenen ere hasi dira.
Horiek,gainera, legealdi honetan zozketatuko ditugu. Ez da beharrezkoa etxebizitza eraikia egotea zozketatzeko, behar dena Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa da. Gehienak badute izendapen hori, Goiegiko ibarran baten bat falta da baina, printzipioz 76 etxebizitza zozketatuko ditu Udalak eta 75 Etxebidek . Eta Loidi-Barrenen 100 dira zozketatuko ditugunak.
Baina lehenik, etxebizitza nahi duten herritarren zerrenda egin behar dugu. Hilabete honen erdialdera, irekiko da zerrenda eta promozio desberdinen informazioa, nork eskatu dezake, zozketen kupoak, etab. herritarren eskura egongo da.
Goiegiko ibarrako etxeen zozketa udara baino lehen egitea espero da, horiek baitira eraikitzen lehenak. Lodi-Barrenekoak ere garai horretarako zozketatu nahiko genituzke.
Beste proiektu batzuk ere, aurreratuak daude eta zozketak urte bukaeran edo 2011. urte hasieran egingo dira.

Aparkalekua
Egin ditugun inkestatan hiritarren arazo handiena aparkalekua da, baina etxebizitza bakoitzean bi edo hiru kotxe daudela ere ikusten dugu.
Horregatik, garrantzia eman diogu jendea kontzientziatzeari, mugikortasun astea, ibilbide motzak egiteko bizikleta edo oinez joatea gomendatu, bidegorrien sustapena, etb.
Loidi Barreneko proiektua aurrera ateratze nahi genuen, bertan dauden aparkalekuengatik.
Duela gutxi, promotorak salgai jarri ditu eta erdia baino gehiago saldu dira dagoeneko.
Honetaz gain, Okendon ere aparkalekuak egingo ditugu. Baina errrotazioko aparkalekua edo jabetzako aparkalekuak izatea pentsatzen ari gara.
Proiektu berrietan aparkalekuak egongo dira etxebizitzentzat, hori baita dagoen eskaria.

Herriko komertzioen beherakada
Loidi Barreneko proiektua herriko merkataritzan pentsatuta egin genuen, marka handi bateko merkatalgunea egongo da, baita herriko dendak ere.
Jendeak herrian eros dezan bultzatu nahi dugu. Horregatik, Gabonetan Aterpearekin batera kontzertuak antolatu genituen kalean, erosketak herrian egiteko.

Atez-atekoa vs 5. edukiontzia
Usurbilgo adibidea dugu hemen gertu. Inkesta egin zen baina gutxigatik irabazi zuen atez-atekoak.
Gure asmoa bosgarren edukiontzia eta birziklapena sustatzea da.
Jendeari ulertarazi behar diogu birziklatu behar duela eta etorkizuneko belaunaldiei mundu hobeagoa utzi behar diegula.

Errauskailua
Bi proiektu daude, errauskailua eta Atsobakarren Usurbilek eraiki nahi duen konpostagunea Lasarte-Oriako herrian eragingo dutenak eta herritarren errefusa dutenak.
Guk herritarrek eskatzen dutenaren alde egin behar dugu, alegazioak egin ditugu eta guztia geldi dago.

Teresategi proiektua eta ezkutuan lan egitearen salaketa
Udalean ez dago ezer ezkutuan. Zinegotziei eskatzen duten informazio ematen zaie, arazorik gabe.
Tamalez gure udalherrian langabezia tasa igo da eta guk lana sortu nahi dugu industrialdeak eraikiaz. Bi proiektu ditugu esku artean, Teresategi eta Michelin.
Herritarrei lana eskaini behar zaie. Ez dugu Lasarte-Oria lo-hiri bilakatzea nahi. jendeak herrian lan egitea eta bizitzea nahi dugu.
Horretaz gain, kontuan izan behar dugu Zumaburu aldeko industriei kokaleku berria aurkitu behar diegula ere.

Aurrekontuen kontrolerako batzorde berezia
Aurrekontua betetzen den edo ez aztertzen da honetan.
Egun Udaleko aurrekontuaren luzapena dago eta kontu-hartzailearekin bildu behar naiz gastuak eta irabaziak aztertzeko.
Udalaren egoera ez da ona, Aldundiari dirua itzuli behar diogu.
Nire asmoa 2009ko irakurketa egin eta plan ekonomiko eta finantzarioa egitea da.
Gero, sail desberdinetako arduradunekin bildu eta, erabiltzaileei kalterik sortu gabe, zein zerbitzu kendu daitezkeen ikusiko da. Aurretik guztia negoziatu beharko dugu, baina kasu batzuetan zerbitzu batzuk desagertuko dira.

Kooperazioko batzorde berezia
Hemen ere ez nator bat, oposizioko taldeek diotenarekin, ez zaiela informaziorik ematen.
Informazio asko eskatu da eta, horregatik batzordeko lehendakariak pixkanaka emango du, CDetan. Era honetara, denbora izango dugu, saio bakoitza ongi prestatzeko.
Ondorioak ateratzeko eta konponbidea aurkitzeko lasaitasuna eta pazientzia eskatzen dut.
Denon artean ikusiko dugu zeintzuk diren ondorioak eta ondorioak ditugunean izango da hitz egiteko ordua. Hala ere, batzordeak jarraitu beharko luke nire ustez, nahiz eta Ana Txilera joan.

San Pedroak
Orain orokorrean begiratu behar dut, lehen nire arloetaz arduratzen nintzen eta gazteria eta festak sailean eskaera pila egiten nituen.
Baina krisi egoeran gaude eta zerbitzuak kenduko ditugu. Jaiak aurrera eramango dira eta gizartean pisua izatea nahi dugu. Herritarrek herriko jaiak bizi nahi dituztelako.
Asmoa jai potenteak izatea da, partehartzaileak, hau da, elkarteek gehiago partehartzea eta jaiak ekonomikoagoak izatea.
Aldaketak egongo dira. Nik gauzak gaizki egin ditut eta iazko hanka sartzeak, konponduko ditugu. Eta herriaren harrera ona izan ditzaketen proposamenak sartuko ditugu.