Hernani eta Elgoibarreko bertsolariek, Unai Muñoa izan zuten gidari eta Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslariak lagundu zien gitarrarekin saioaren momentu batzuetan.
Hitzaren jolasa, musikaren koloretan saioa, goxoa izan zen eta, momentu batzuetan, ikusleen artean barre-algarak sortu zituen.
Eñautek berak eman zion hasiera saioari.
Jarraian Unai Muñoak lehengo lan gisa Lasarterekiko duten lotura azaltzea eskatu zien bertsolariei eta afarian jan gabeko arraizopa, dastatutako euskal txerria, Martxoak 8-a eta alkate-ohia hartu zituzten gaitzat, besteak beste.
Ofiziotan gai xelebreak
Eñauten txanda heldu zen berriro eta ondoren, ofiziotan jardun ziren berriro.
Uxue eta Maialen pertsona bera ziren baina Uxue zen pertsona hori bera zela uste zuena eta Maialen benetan zena.
Unai Muñoak gai xelebre bat jarri zien segidan, “bikote zarete eta zuen larrualdiak grabatzeko ohitura duzue. Sofan grabatutako azkenari begira zaudetela ohartu zarete norbait zelatan duzuela.” Ale ederraz jositako bertsoaldia izan zen.
Abestiak eta sedukzioa
Beranduago Eñautek L’estaca izeneko kanta famatua abestu zuen katalanez eta Uxuek abesti hau gaitzat hartuta osatu zituen hurrengo hiru bertsoak. Hauen atzetik Maialen jardun zen bakarka.
Segidan iritsi zen saioaren une gorena. Muñoak hala eskatuta seduzitzeko estrategiak azaleratu eta elkar seduzitzen aritu ziren bi bertsolariak.
Bertsoaldi hauetan Ken Zazpi-ren Ilargia abestia hartu zuten doinutzat eta Eñauten gitarraren laguntza izan zuten.
Grabitate indarra aipatu zuten une batean eta egia da entzuleak erakartzea lortu zutela.
Gizon motak eta bertso idatziak
Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna gertu izanda maskulinotasuna eta femeninotasuna aipatu zituen Muñoak eta zenbat gizon mota ezberdin dauden galdetu zien Uxue eta Maialeni.
Mota hauek azaltzeko entzuleen arteko gizonezkoez baliatu ziren bi bertsolariak eta irri ugari lapurtu zituzten bertso hauekin.
Bertso idatzien txanda heldu zen ondoren. Uxuek idatzi eta ahotsa jarri zien, musika, aldiz, Eñaut Elorrietak. Oilo azala jartzeko modukoak izan ziren.
Abeslariak Zapalduen olerkia hautatu zuen beranduago abesteko.
Bukaera, Itsasoari begira kantu ezagunaren doinuan eman zuten.
Saioa borobildu zuten horrela eta ale politak utzi zituzten. Maialenek “askatasuna eta haizea ez dabiltza libre hemen baina kantuan ai geranean izaten gera askeen” eta Uxuek “azken arnasa ez da izango, ezetz, bai zera, bai zera, hola elkartzen geran aldiro arnasberritzen baigera.”
Errepikatzeko moduko saioa izan zen.