Badirudi duela gutxi sartu dela emakumea lan munduan, baina ez da gauza berria. XX. mendearen amaieran emakumea lan mundu profesionalean masiboki sartzen da, baina ordura arte ere baziren etxeko lanetaz, umeetaz eta negozio batetaz arduratzen ziren emakumeak.
Inaxi Etxeberria eta Maribi Amundarain gogotsu lan egin duten bi emakume ditugu. Herrian aski ezagunak izan dira eduki zituzten arrandegiengatik.
Garai zailak bizi izan zituzten, izan ere, urte horietan gizonezkoek bakarrik etxetik kanpo egiten zuten lan, gainerako gauzak emakumearen eginbehar bezala geratzen baitziren "gizonak dendan sartzeko gai ere ez ziren, beraz, errekaduak ere gure gain hartu behar genituen" azaltzen digu Inaxik.
Urte latzak izan ziren emakumeentzat, egunerokotasun gogorra bizi izan zuten, baina hala ere aurrera atera ziren.
Bi ordu lo, eta lanera
Inaxi goizeko lauretan esnatzen zen arrandegirako behar zituen lehengaien bila joateko "topoa hartzen nuen garai horretan automobilik ez neukalako". Donostiara iritsi, arraia hartu eta Gipuzkoa plazara autobusa hartzera. Herrira iritsi, arrandegia prestatu eta etxera "haurrak jantzi, gosaria eman eta haiekin lantokira jaisten nintzen".
Oraindik bere hiru umeak txikiak zirenez, ez ziren eskolara joaten, eta arrandegi inguruan jolasten ziren. Arrandegian bertan hartzen zuten otordua "sukalde txiki bat nuen eta han bazkaltzen genuen". Bere jardunaldia amaituta, 9ak aldera etxera joan "lanetik atera eta lanera berriz, oso garai gogorrak izan ziren, hura pasa egin behar da".
Urteak aurrera joan ahala, bere senar Patxi Etxeberriak Luzuriaga enpresa utzi eta arrandegian hasi zen. Horrek laguntza eman zion "gauzak aldatu egin ziren zertxobait, baina lana eta umeekin pasa nituen urte horiek latzak eta ahaztezinak izan ziren".
Emakume izatea zama zen
Baloratzen ez zen lana egiten zuten emakumeek garai horietan. Maribi Amundarain oso gazte ezkondu zen eta lehen urteak etxean pasa bazituen ere, "arrandegia ireki eta nire mundua erabat aldatu egin zen".
Hiru seme eta hiru iloba bere kargu edukitzeaz gain, negozio baten buru bilakatu zen. Goizeko 3:30tan esnatzen zen "arrandegiko lana, etxeko lanak eta semeetaz arduratu behar nintzen, egunak ez zituen behar haina ordu". Maribi jaio zen urte horietan emakumeari betebeharrak jaio bezain laster ezartzen zitzaizkien "emakume izatea zama bat zen, emakume izateak balio erantsia zekarren, eginbeharreko guztia gure ardura zen eta horrela erakusten ziguten txikitatik".
Gizonezkoek ere lan egiten zuten, hori ezin da ukatu, baina aldaketa nagusi batekin "10 ordu sartzen bazituzten hor bukatzen ziren euren eguneroko eginbeharrak, emakumeentzat aldiz, egoera oso bestelakoa zen".
Umeak aurrera ateraz
Egia da denbora gutxi zutela euren umeetaz arduratzeko, hala ere, ondo hazi eta aurrera atera zituzten: "dudan pena bakarra semeak behar zuten denbora nahikoa eman ez izana" dio Maribik, "ezin da esplikatu bizi izan genuena, ikusi eta sentitu egin behar da sinesteko” azaltzen du Inaxik.
"Lanez gainezka zeunden eta gauzak ondo egitea zaila zen" Maribiren hitzetan, "gu ibili ginen moduan norbait gaur egun hasiko balitz erotu egingo litzake" gaineratzen du Inaxik.
Niretzako denborarik bai?
Eginbehar eta betebehar ugari izanik, emakumearentzat berarentzat litzatekeen denborarik ez zen geratzen: "eguneko ordu guztiak familiarentzako edo arrandegirako ziren, baina niretzat ezer ere ez, ez zenuen ezta planteatu ere egiten" adierazten du Maribik.
Egun zehatzak zituzten emakumeak aisialdirako "jaietan edo zubietan hartzen genuen arnas pittin bat, egun pasa joaten ginen nonbaitera, jaki-ontzia prestatu eta mendira joaten ginen, hauek ziren gure aisialdi bakarrak eta oso noizbehinkakoak" azaltzen digu Inaxik.
Umeak hazi ahala gauzak zertxobait aldatzen hasten ziren, eurentzako denbora iristen zitzaien "hala ere ez ginen gaur egun bezala tabernetan ibiltzen, mila gauza genituen beti egiteko" gaineratzen du Inaxik.
Berdintasunaren bila
Garaiak aldatu egin dira, egun ume gutxi izaten dituzte bikoteak "lehen, etortzen zitzaizkigun guztiak izaten genituen, ezjakinak ginen" dio Inaxik. Egun, emakumeak euren profesioari gehiago begiratzen diote, bizitza disfrutatzeari "beharrezkoa zen aldaketa hau iristea, bizitzeko denbora behar du emakumeak" azaltzen du Maribik.
Lehen lana besterik ez zuten buruan emakumek "gaurko egoera oso bestelakoa da, orain gizonak laguntzen du, gure garaian ez, nahiz nirea pixkanaka horretan sartzen joan zen, baina nik uste garai horietan bakarrenetarikoa zela" esplikatzen digu Inaxik.
Jendartean bizi dugun errealitatean, askotan ez da bila gabiltzan berdintasun horretara iristerik lortzen "egun oraindik, emakumeak darama zama handiena, nik uste hori aldatu egin behar dela, baina oraindik asko geratzen da egiteke" gaineratzen du Maribi Amondarainek.