Urte ugari pasa dira, Euskal Herriko hainbat etxeetan, andereñoek gure hizkuntza eta herri izaeraren transmisioa egiteko konpromisoa hartu zutenetik. Ezkutuan, klandestinitatean, baina egiten zuten lanaz harro, iraultza bat jarri zuten martxan.
Urte ugari igaro dira, iraultza horren lehen fruituak, ikastolak hain zuzen, sortzen hasi zirenetik. Gure hizkuntzaren transmisiorako garrantzia itzela izan bazuen, zer esanik ez pedagogia zein metodologia mailan suposatu zuten iraultza.
Baina Telesforo Monzonek Ikastolen ereserkian goiko izenburuko hizkiak idatzi zituenetik euri asko egin du gurean eta gure bidea oztopatzen duten putzu asko utzi ditu. Honen adibide garbia dira Hezkuntza Lege arrotzak, Curriculum inposatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak. Ezjakintasuna eskubide den lehenengo herrialdea gara munduan (euskara ez ikastea eskubide omen da). Azken garai hauetan ordea, euskal hezkuntzaren aurkako erasoa erabatekoa izaten ari da. Aurretik aipatutako putzu horiez gain, hor ditugu Celaá anderearen curriculum dekretu berria, testu liburuetatik Euskal Herria hitza desagerrarazteko egiten ari diren ahaleginak edota gure kultur ondarearen transmisioan hain garrantzitsuak diren eskola txiki zein landa eskolen desagerraraztearen bidean ematen ari diren pausoak (azken hauen adibide gisa da, hain gertu dugun, Zubietako eskolarena).
Baina eraso eta inposaketa guzti hauen aurrean gure herriak bizirik dirauela erakusten du behin eta berriz. Horren adibide garbiak dira eskolaren bidezko euskalduntzea aldarrikatzen duten mobilizazioak, hezkuntza eragile eta curriculum propio bat burutu izana, Euskal Herrirako berezko unibertsitate propio bat eraikitzeko proiektua, etab.
Honexegatik, hezkuntza komunitatean bizi dugun egoera honek, beste iraultza bat behar du; errotik aldatu behar da. Euskal Herriko Hezkuntza sistema propio eta burujabe bat behar du. Hezkuntza komunitatetik, herritik eraikia eta herritarren hezkuntza beharrei erantzungo diena.
Horretarako beharrezkoa da indarrak biltzea, inposaketei EZ esatea eta Euskal Herriak bere hezkuntza behar duela aldarrikatzea!
Hitzordua badugu: datorren martxoaren 13an, Bilboko Arriagatik abiatuta, arratsaldeko 17:30ean burutuko den mobilizazioan.
Inposaketarik EZ! Euskal Herriak Bere Hezkuntza!
Iker Pontesta Auzmendi
Irakaslea