Martxoaren bukaeran Tolosaldera

itxaso-moreno 2010eko martxoaren 12a

Aste Santuko oporrak iristear daudela Ttakuneko aisia sailak irteera interesgarriak prestatu ditu etxeko txikienentzako. 1998-2004 urteen artean jaio direnak Altzo edo Ikaztegieta bisitatu eta ezagutzeko aukera izango dute, eta nola ez, lagunekin oporralditxo txiki batzuk igaro eta gozatzeko. Harremanak sustatzea da helburua, elkar bizitzan murgildu eta elkar ezagutu, baina ondo pasatzeko gogoei muzin egin gabe.

Aste Santuko oporrei hasiera ederra eman nahi diezula? 5-12 urte bitarte dituzula? Altzo edo Ikaztegieta ezagutu nahi duzula? Orain duzu aukera paregabea. Ttakuneko Aisia Sailak 2002-2004 urteen artean jaiotakoentzat Altzon asteburu pasa prestatu du. Eta 1998-2001 artean jaiotakoentzat Aste Gaztea Ikaztegietan, hiru egunetan zehar naturarekin kontaktuan egoteko aukera paregabea.

Plan erakargarria eta atsegina iruditzen zaizula? Lasai, oraindik garaiz zabiltza eta. Txikienek martxoaren 24a arte izango dute izena emateko aukera, eta handienek, martxoaren 22a arte. Ttakunera deituz, Geltoki kaleko bulegotik pasatuz edota aisia@ttakun.com helbide elektronikoaren bitartez egin daiteke izen ematea. Prezioa 15 eurotakoa izango da bi taldeentzako, eta asteburuko otorduak zein lo egiteko tokia izango dute barne etxeko gaztetxoek.
Baldintza bakarra, txikienen kasuan Amaraun Klubeko kide izatea, eta handienen artean, Gazte Klubeko partaide izatea. Eta Klub hauetako txartelekin batera, nola ez ba, ondo pasatzeko eta dibertitzeko gogoak izatea.

Altzo paraje naturala

Asteburuko irteera hauen helburu nagusia, elkarbizitza eta bizikidetza sustatu eta bultzatzearekin batera, "euren heziketa prozesuan lagungarri izango den talde izaera lantzea” da, Ttakuneko Aisia Saileko arduradunek adierazi digutenez. Gaztetxoen heziketa prozesuan lagungarri diren jokabideak bultzatu nahi dituzte: "badakigu gaztetxoak direla eta askorentzat etxetik kanpo pasako duten lehenengo asteburua izango dela, baina gure heziketa proiektu honetan elkar bizitza honen sustapena garrantzitsua da" dio arduradunak.
2002 eta 2004 urteen artean jaio direnak Altzo ezagutzeko aukera izango dute martxoaren 27 eta 28an, larunbat eta igandean: "herri txiki bat bilatu genuen, naturarekin harremanetan egoteko aukera ematen ziguna" aipatu digu irteeraren arduradunak. Leku oso lasaia da Altzo, umeek esaterako frontoira joan nahi badute ez dute errepiderik zeharkatu beharrik izango, horrela "autonomia eta erabakitzeko gaitasuna martxan jar dezaten bilatuko dugu" gaineratzen du.

Autonomia landuz

Altzoko aterpetxean ez diete haurrei otordu guztiak prestatuko, sukaldaritza tailerrak antolatuko dituzte afaria, bazkaria eta gosaria prestatzeko. Arduradunaren iritziz, "beraien inplikazio eta parte hartzea nahi dugu, beti ere ume txikiak direla ahaztu gabe noski".
Umeentzako esperientzia polita proposatzen dute Ttakuneko aisialdi sailetik "oporrei ongi etorria emateko modu bikaina izan daitekeelakoan gaude" dio arduradunak. Mundu guztiak behar ditu oporrak "eta ekintza honen bitartez umeei, oporrak bere lagun taldearekin pasatzeko aukera luzatzen zaie" gaineratu du Ttakuneko ordezkariak. Umeak monotoniatik ateratzeko aitzakia paregabea dute "eta euren bizipen eta esperientziak edukitzeko aukera ere bai".

26 kilometrotara

Lehenengo aldia da etxeko txiki-txikiekin Lasarte-Oriatik irtengo direla, orain arte gau pasak herrian bertan egin dituzte eta. Hala ere, Ttakuneko arduradunaren ustez, "gertu egongo gara” eta gurasoak lasai egon daitezke: "ziur gaude ondo pasako dutela, lagunen artean, gela-kide edo auzokideen artean asteburu ederra pasako dute".

Ikaztegieta ezagutzen

Hirugarrengo urtez egingo du aurten Gazte Klubak hiru egunetako irteera. Aurreko urteetako ibilbideetan, kostaldea eta mendia ezagutzeko aukera izan dute: "Dena den, beti kosta aldean ibili gara eta aurten esperientziaz aldatzea pentsatu genuen" aipatzen du arduradunak.
Barrualdera joateko asmoa eta udalekuetan Ikaztegietako ume talde batekin sortu zen harremana kontuan izanik, "herri hau ezagutzeko aukera polita iruditu zitzaigun" azaldu digu arduradunak.
Begiraleak Ikaztegieta ezagutzera eta bertan "eskaintzen zitzaizkigun aukerei erreparatzera”joan ziren eta egokia iruditu zitzaien. Herri txikia den arren "aberatsa” da. Arduradunak erantsi digunez, “segur aski hiru egunekin motz geldituko garela uste dugu”.

Aste gaztea martxan

Martxoaren 29, 30 eta 31 bitartean Gazte Klubeko bazkideek oporraldi paregabea egiteko aukera dute, Aste Gaztea.
Txikienekin bezala "elkarbizitza sustatzea dugu helburu" adierazi du antolatzaileak. Herri barruko ingurutik ateratzeko aukera eskaini nahi zaie eta "urtean zehar Gazte Kluba programan dabiltzanen arteko harremanak sendotzea" gaineratzen du. Mendi ibilbideak, tailerrak, talde jolasak,... aspertzeko denborarik ez dute izango oporraldi hauetan parte hartzen dutenek.

Esperientzia politak

Baikorrak dira Ttakuneko aisialdi sailean. Arduradunaren ustez, "ondorio politak atera dira aurreko urteetan egindako irteeratatik". Etxetik kanpo bi gau igarotzen dituzte eta harreman politak sortzen dira.
Sekula honelako irteera batean parte hartu ez dutenei gonbitea luzatu nahi diete "monotoniatik ateratzeko eta lagunekin oporralditxo batzuk igarotzeko aukera bikaina da" adierazten du.

Ez galdu autobusa

Aste Santuko oporraldiak gurasoekin, kanpora joanda edo herria bertan geldituz, igaro nahi dituzten gaztetxoek ere bi egunez lagunekin egoteko eta elkarren arteko harremana sendotzeko egokiera ederra dute. Aukera paregabea, oporralditxoa lagunekin pasa eta gero gurasoekin gozatzeko.
Programazio zabal eta anitza duzu prestatuta, ez galdu aukera! Ttakunetik pasa eta igo zaitez Ikaztegietara edota Altzora doan autobusera!