12 Michelinen amiantoarekiko politika salatu du LABek

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 12a

Michelin Lasarteko LABeko sail sindikalak, enpresako zuzendaritzak amiantoarekiko duen jarrera salatu du ohar baten bitartez.
"Duela bi urte Gasteiz eta estatu frantseseko lantokietan amiantotik eratorritako gaixotasun kasuak agertu ziren. Lasarteko enpresa zuzendaritzari amiantoaren egoeraren berri ematea eskatu genion. Amiantoarekin kontaktua eduki lezakeen lanposturik ez dela egon, izan zen enpresa zuzendaritzaren erantzuna," adierazi du sail sindikalak.

Jarrera aldaketa eta zerrenda

LABek dionez, Enpresa zuzendaritza, azaldutako ziurtasun ugarien eta Lasarten Osalanek aintzat hartutako kasua direla medio, hasierako jarrera aldatzera behartua ikusi zen enpresa.
"Material honen existentzia onartu, honen lokalizazio mapa bat eta amiantoarekin kontaktua eduki lezakeen lanpostuen zerrenda bat egin zuen. Zerrenda hau guretzat guztiz eskasa da enpresan dagoen amiantoa kontutan hartuta," salatzen du.
LABek eginiko hainbat eskaeren eta ziurtasun ugariren ondorioz, enpresa zuzendaritzak amiantoarekin kontaktua eduki lezakeen lanpostuen zerrenda handitu zuen, baina hau LABentzat gutxiegizkoa izaten jarraitzen duela azpimarratzen da oharrean.
Enpresak, amiantoarekin kontaktua eduki ahal izan duten jubilatutako langileekin hitzaldi informatiboak egiten ari dela adierazten du. Baina "prebentzio delegatuei, hitzaldi hauetara joateko aukera ukatu zaie enpresa zuzendaritzatik," salatzen du sail sindikalak.
Hau guztia dela eta, Michelin Lasarteko LAB sail sindikalak, enpresak aurrera daraman ukazio eta estalketa politika salatzen du.