13 Kick boxing borrokak Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2010ko mar. 13a, 01:00

Donostiako Kuraia Fight klubak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, kick boxing eta K1eko borrokaldiak izango dira larunbatean 17:00etatik aurrera Michelingo frontoian
Borja Mendioroz eta Manu Carrasco, Kuraia Fight Klubeko ordezkariek eta Jesus Mari Zaballos alkateak, eman zuten borrokaldien berri, atzo goizean egin zuten prentsaurrekoan.“Lehenengo aldia da Lasarte-Orian egiten dena eta ez dakigu zein harrera izango duen,” aipatu zuten Kuraia Fight klubeko arduradunek.

Herriko gazteak

Jesus Zaballos alkateak aipatu zuenez, “kirol minoritarioei bultzada eta, era berean, Lasarte-Oriako gazteei egiten dutena erakusteko aukera eman nahi genien.”
“Lasarte-Oriako sei gaztek parte hartuko dute ikuskizunean eta herrikoei ikasitakoa erakutsi nahi diete,” adierazi zuen Borja Mendiorozek.

Kick boxing eta K1

Kuraia Fight klubeko kideak azaldu zituen Kick boxing eta K1 borroken arteko ezberdintasunak.“King Boxing-ean eskuekin boxeoko kolpeak eta hankekin borroka-arteetakoak, hala nola, taekwondo, karate edo kenpo kolpeak ematen dira; K1en, horretaz gain belaunarekin ere kolpeak eman daitezke,” adierazi zuen Mendiorozek.
Gainera, larunbateko ikuskizunean, kick boxing motako borrokaldietan, Lasarte-Oriako gazteek babesa izango dutela aipatu zuen, “amateurrak dira eta”. K1eko borrokaldian, aldiz, ez dute babesik izango, eskularruak soilik.

Borrokak

Kick boxing-eko borrokak sei izango dira eta herriko sei gaztek hartuko du parte. Borrokaldi bakoitzean lehenengoa da herrikoa eta bigarrena kanpokoa:
Iban Valverde-Kevin del Rio, Imanol Aizpurua-Alex Anasagasti, Iñigo Garcia-Sergio Lestares, Aitor Iturrarte -Carlos Gorospe, Eneko Hernandez-Josu Urrutia Erik Valverde Chino-Oscar Curro.
Borroka onak ikusteko aukera dagoela aurreratu dute antolatzaileek.
Bestalde, K1eko borrokaldian, arratsaldeko azkenean, Mikel Rodriguez 2007ko Europako txapeldunak Jon Ibaseta izango du aurrez aurre.

Sarrerak

Ikuskizuneko sarreren prezioa harmailetan 10 euro eta eserlekuan 15 eurokoa da.
Hauek eskuratzeko aukera egongo da egunean bertan, frontoiko leihatilan; aurretik, Quinto Pino, Centro de Artes Marciales de Anoeta edota Pio Baroja kiroldegian eskuratu daitezke.
Era berean, antolatzaileek jakian arazten dute, frontoiko sarrera atletismo pistatik egingo dela, hau da, ibai aldetik.