13 Kick Boxing bizi-bizia Michelinen

jon-altuna 2010eko martxoaren 13a

Hiru ordu iraun zuen larunbat arratsaldean Michelingo frontoian burutu zen Kick Boxing jaialdiak, batetik hamaika borrokaldi izan zirelako, iragarritakoak baino lau gehiago, eta bestalde, borrokalarietako batek, Iñigo García lasarteoriatarrak masailan jaso zuen ostikoaren ondorioz eritetxera eraman zutenez, anbulantzia itzuli bitartean itxaron egin behar izan zelako. Iban Valverde herritarrak ere min hartu zuen bekainean. Gorabeheratsua izan zen beraz jaialdia. Parte hartu zuen sei herritarren artean garaipen bakarra Erik Valverdek eskuratu zuen.

Ikusgarriak izan ziren larunbat arratsaldeko 5etatik aurrera Michelingo frontoi estalian burutu ziren borrokaldiak Kick Boxing-a maite dutenentzat. Herriko sei borrokalarik parte hartu zuen eta suerterik txarrena Iñigo Garciak izan zuen eritetxean bukatu baitzuen aurpegian jasotako kolpe baten ondorioz. DYAko anbulantzia batean eraman zuten Donostiara, masailezurra mazpildu eta barrura sartu zitzaiolako. Hor atseden bat izan zuten borrokaldiek anbulantzia itzuli arte itxaron behar izan baitzen.
Iban Valverde herritarrak ere ezin izan zuen borroka amaitu bekainean jasotako kolpe baten ondorioz. Bere borroka, bosgarrena, berdinketan amaitu zen, emaitzarik gabe, hasiera hasieran hartu baitzuen min. Antolatzaileak harriturik ziren normalean ez baita hainbeste gorabehera izaten. “Beste edozein kiroletan bezala, bi kirolarik min hartu dute, besterik ez. Dena den, hau ez da Kick Boxingean ohikoa”. Jaialdia ontzat ema zuten eta egia esan kiroltasunez aritu ziren borrokalari guztiak eta borrokak besarkada batez amaitu zituzten.
200 ikusle inguru bildu ziren frontoian. Lehen borrokan Martxel Otamendik Iñigo Ruiz-i irabazi zion. Bigarrenean Spartak armeniarrak Unai Saroberi. Hirugarrenean Lasarteko Eneko Hernandezek lurrean amaitu zuen eta KOz galdu zuen Josu Urrutiaren aurka.
Erik Valverde Txino herritarrak irabazi egin zion hurrengoan Oscar Currori. Seigarren borrokan Imanol Aizpurua lasarteoriatarrak galdu egin zuen Alex Anasagastiren aurka. Sergio Lester eta Adnan-en artekoan Ivan Hernandez epaileak bigarrena ezinean ikusi eta KO teknikoa adierazi zuen.

Iturrarte lehen aldiz

Zortzigarren borrokan Aitor Iturrarte herritarrak, bere estreinaldian, berdinketarekin konformatu behar izan zuen Karlos Gorosperen aurka. Karatean ari zen eta aurten hasi da Kick Boxing-ean. Bederatzigarrena, Iruñeako Marco Ruizek irabazi zuen KOz Iñigo García aipatutako ostikoarekin lurrera botata.
Ordu erdiz eten egin zen jaialdia anbulantzia itzuli bitartean eta ondoren ikusi ziren borrokaldi ikusgarrienak. Ander Azurmendi eta Roberto Valenciaren artekoa, borroka gogorraren ondoren hutsean geratu zen, berdindurik amaitu zuten.
Azken borrokan, Mikel Rodriguez, 2007ko Europako Txapeldunak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta Jon Ibaseta garaitu zuen puntuetan. Munduko txapeldun bat ere izan zen larunbateko jaialdian, Iruñeako Eguskiza klubeko arduradun Jose Vicente Eguskiza.
Herriko borrokalarien hurrengo erronka Euskal Herriko txapelketa izango da, apirilaren 10ean, Hernanin.