Haur guztiek, beren proba amaitu eta gero domina bana jaso zuten. Lehen ur botila bana ere ematen zitzaien, baina iaz hasi ziren ura berrerabiltzen diren edalontzietan ematen, plastiko eta zabor gutxiago sortzeko helburuarekin. Ikastolan Patruila berdea martxan da eta krosa ere leku egokia da zaborren kudeaketa ona barneratzeko.
Euskara, kirola eta ekologia
Horrela euskara eta kirolarekin batera ekologia ere bultzatzen du euskal krosak. Hondakin gutxiago sortzeko, ez zitzaien parte hartzaileei ur botila txikirik banatu eta edukiontziak jarri ziren sortutako zaborra jasotzeko, batez ere banatu ziren yogur ontziak biltzeko. Zorrotzak izan ziren atzo horretan.
Sekula baino guraso gehiagok parte hartu zuen krosean. Goiz guztia pasa zuten euren haurrei txalo egiten eta batzuek nahikoa lan zuten gainera bideo eta argazki kamaretan euren haurren irudiak jasotzen. Haurren lasterketa guztiak amaitu eta gero, haur eta gurasoek azken itzuli ikusgarria eta herrikoia eman zuten guztiek batera.
Krosarekin amaitzeko, parte hartzaile guztien artean kirolarekin eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez. Haurren artean lehiakortasuna baino, parte hartzea eta gozatzea bultzatu nahi dituzte antolatzaileek. Horregatik sariak eman beharrean zozketa egin eta opariak banatzen dira guztien artean.
Ikastolari omenaldia
Sari-opari banaketan urtero bezala Eneko Castro zenaren gurasoek parte hartu zuten Landaberri ikastolako antolatzaileekin batera. Aurten hamargarren aldiz Lasarteko atletaren izena izan du krosak eta bere sendiak ikastolako Guraso Elkarteak hamar urte hauetan izan duen begirunea eta eskaini dioten berotasuna eskertu nahi izan du ikastolari oroigarri bat emanaz. Tomas Maizek jaso zuen oparia ikastolaren izenean.
Bataz beste 700 metro inguruko ibilbidea osatu zuten haurrek, maila bakoitzean dagokion erritmoan. Urtero bezala ikastolako irakasleak aritu ziren talde bakoitzak mailaren araberako abiadura eraman zezan, probaren helburua denek lasterketa amaitzea baita, korrika egiten gozatzea, ito gabe, euren artean lehiatzea baino.