Eliza ebanjelikoaren sustraiak Luteroren erreforma protestantean oinarritzen dira. Kristautasunaren baitan zeuden printzipioak argitara eman zituen Luterok eta herriarengan zabaldu.
Eliza ebanjelikoak egoitza ireki zuen Lasarte-Orian duela 9 hilabete. Oraindik komunitate txikia osatzen badute ere, nahi dute jendea beraiengana hurbiltzea, hau da, euren eliza ezagutzera eman nahi dute, tabu guztiak ezabatzeko. Maite Larrañaga eta Jose Luis Arretxe dira herriko artzainak. Larrañagarekin bildu ginen gu, eliza honek aldarrikatzen dituen ideiak hurbiletik ezagutzeko.
Katoliko vs. Ebanjeliko
Protestantismoaren sorrerako pasarteak ezezagunak dira askorentzat, Maite Larrañagak esan digunez askok ez du eliza ebanjelikoaren eta katolikoaren artean bereizten.
"Biak kristauak dira, baina gureak oso planteamendu xumea du. Guk erakusten duguna zera da: gizakiaren salbazioa osoa da eta soilik salba daiteke Jesukristo salbatzaile gisa onartzen duenean. Eliza katolikoak, aldiz, portaera ona eta egindako lanen bidez lortutako salbazioan sinesten du".
Bestalde, eliza ebanjelikoak ez du bururik, ezta hierarkiarik ere.
Eliza ebanjelikoa gizon eta emakumeez osatuta dago eta edonork bete dezake bere lana. "Artzainak bere funtzioa du, baina ni ez naiz elizaren burua. Burua Jesukristo da" adierazi digu Larrañagak.
Gizarte bekataria
Bere ustez, bizitzeko eta jokatzeko libre gara. Kristau izatea bizimodu bat da, eta Jesusek hori bere bizitzaren bidez erakusten du. Biblian agertzen denez, bekatu soil batekin zerurako sarrera itxirik aurkituko genuke, gure bizitza zikinduta egongo litzatekeelako. Larrañagaren hitzetan "Jainkoak badaki gu berez bekatariak garela, horregatik bidali zuen Jesus lurrera. Bera justiziaz bizi izan zen eta momentua iritsi zenean, guztien bekatuak bere gain hartu eta gurutzean ordaindu zituen".
Eskerturik egon beharko ginateke guztia eman zuen horri eta horregatik "gure bizitzaren oinarria Jainkoa ezagutzera eta bere maitasuna jasotzera bideratzen dugu" gaineratzen du.
Nola iritsi paradisura?
Eliza ebanjelistako jarraitzaileek "Jesukristo onartzen dugu eta Espiritu Santua gugan bizi da; gure esku dago, gure bizitzarekin, sugar hori bizirik irautea" aipatzen du Larrañagak. Ebanjelioa hitzak, berri ona esan nahi du eta hori da kristau hauek zabaldu eta ezagutzera ematen dutena. Horrez gain, "sinesten dugu salbazioa ez dela ekintzekin irabazten den zerbait, opari bat baizik".
Jainkoa gure bihotzaren gabezian aurkitu dezakegula diote, Jesus ez baitzen bide egokia jarraitzen dutenen bila etorri, bekatarien bila baizik.
Mendeetan idatzita
"K.a 1.400 mendean hasita eta k.o 100 urtean amaiturik", garai eta hizkuntza ezberdinetan idatzia, hori dugu Biblia. Poesia, historia, parabolak, asmakizunak "denetik aurkitu dezakegu 66 liburuz osaturiko literatur obra harrigarri honetan" aipatzen digu Larrañagak.
Bizitza zailtasunez beteta dago "eta hauei aurre egiteko jarraibideak aurkitzen ditugu, jakituriari dagokionez liburu aberatsena dugu" adierazten digu Larrañagak.
Nor da Jainkoa?
Gure arteko gehiengoak bere esperientzi pertsonalarengatik daki Jainkoak barkatzen gaituela, berarekin esperientzi pertsonal bat eskaintzen digula, berak lagundu eta gidatzen gaituela dio Larrañagak.
Gure artean, “oraindik fedea aurkitzen ari diren pertsonak ditugu”. Horrela, elkarrekin, Biblia irakurriz eta gure bizitzak besteei zabalduz, nortzuk garen jakiteko gai gara, Jainkoa nor den eta hark gutaz zer nahi duen azaltzeko” gaineratzen du Maitek.
Orazioa vs. Otoitza
Ez da gauza bera orazioa eta otoitza, eta hori argi eta garbi bereizten dute ebanjelikoek.
Beraien esanetan, katolikoak otoitz egiten dute eta eurak orazioa. "Askatasun osoz nahi ditugunak esaten dizkiogu Jainkoari, barnealdean duguna, ezinegona sortarazten diguna" dio Larrañagak. Katolikoak gauzak errepikatzen dituzte, "zenbat aldiz errepikatu behar izaten dituzte AveMaria otoitzak bekatu batetaz libratzeko?" gaineratzen du.
Gainera, katolikoak otoitza zigor bezala erakusten dutela aipatzen du artzainak, nahiz "askotan eurek egiten dutena orazioa den, Aitarekin hitz egiten dutenean, adibidez".
Emakumea eta zelibatoa
Eliza katolikoan, gizonezkoen eskutan daude kargu garrantzitsuenak, baina eliza ebanjelikoan, “emakumea libreki onartzen da egiten diren interpretazioen arabera, artzain moduan ere jardunez” azaltzen du Larrañagak.
Philadelphiako elizan adibidez gizonezkoak soilik dira artzain, "gu geunden elizan ere ez ziren emakumeak onartzen, baina gurea zabaldu baino lehen arazorik gabe adostu genuen, emakumea ere artzain izango zela, eta hor nago ni" gaineratzen digu.
Eliza Katolikoa eta ebanjelisten sustraiak berberak badira ere, ezberdintasun nabariak aurkitzen ditugu. Apaiz katolikoak ezkondu ezin diren bitartean, artzain ebanjelistak ezkondu eta familia sor dezakete. "Eliza katolikoaren jarrerak antzinako ikuspuntu bati jarraitzen dio, ez dute eboluziorako bidea jarraitu" azaltzen du Larrañagak.
Aldaketa garaian korronte ezberdinak sortu ziren kristautasunean; protestantismoa, katolizismoa, ortodoxoak... "Katolizismoan adibidez, korronte berri honen aburuz mojak eta eliz gizonak gizartetik aldendu behar ziren eta orduan sortu ziren monasterioak" kontatzen digu Larrañagak.
Zeruan pentsatzen hasi zirela dio Lasarte-Oriako artzainak "nik horretan sinesten badut ere, inguruan ditugunak begiratu behar ditugula uste dut, ez zerura bakarrik".
Ebanjelistek, negarrez daudenei edo oraindik Jainkoa ezagutzen ez dutenengana hurbildu behar dela predikatzen dute "lurrean utzi gaitu bere ordezkoak izateko, eta ez gizartetik aldentzeko" jarraitzen du Larrañagak.
Eliza katolikoak harez geroztik zelibatora behartzen ditu bere predikatzaileak "eta hori akats handia da". Ebanjelioaren aburuz ezkontza opari bat da "ezkon maitasuna eta erlazio sexualak ugalketa baino gehiago dira, hori Jainkoak ezarri du" gaineratzen du artzainak.
Katolizismoan ezarritako zelibato horren ondorioak “gogorrak” izan dira, "eliz gizon eta mojak erre egin dira. Gizakiaren berezko desioak erreprimitu izanak, ezagunak diren pederastia kasuak eta monastegietan hilda aurkitu diren umeen gorpuen arrastoak eragin ditu" salatzen du herriko artzainak.
Eta antisorgailuekin zer?
Antisorgailuan inguruko adierazpenik ez da Biblian agertzen, "beste batean umeak bedeinkapen bat direla aipatzen da" baina pertsona bakoitzak erabaki behar du zenbat ume eduki nahi dituen eta horren harira, "erlazio sexualak edukitzerakoan metodo hauen erabilera egokia dela uste dut" gaineratzen du Larrañagak.
Honek, ez du esan nahi antisorgailuen aldekoak direnik ebanjelistak "gizartean dagoen bizitzeko modu hori ez zaigu gustatzen, ezagutu gabe oheratzen diren bikote horiek, Jainkoaren hitzaren kontra jarduten dute". Jainkoaren arabera, gure bikotearekin elkartzen garenean ondasun estimatu bat entregatzen dugu "eta horregatik ezkontzaz kanpoko erlazio sexual guztiak kondenatzen ditu".
Maitek bikoterako gordetzea gomendatzen du, baina Jainkoa ezagutzen ez dutenentzat, eta Jainkoaren begietan bekatzen jarraituko dutenei zaintzeko aholkua luzatzen die.
Bizirauten
Ez dute gobernutik, ezta inongo erakundetik dirurik jasotzen, bere bizi iraupena komunitateak emandako ekarpenei esker lortzen dute.
Lasarte-Oriako eliza ebanjelista mantentzeko jendeak bere irabazien hamarrena eta nahi dituzten ofrendak eskaintzen dituzte "ezagutzen ez gaituztenean kuota bat ordaintzen dugula esaten dute, baina ez dauka horrekin zerikusirik" dio Larrañagak.
Gizarteak beti sostengatu ditu erlijio ezberdinak eta honetan ere, herritarren laguntza beharra dute "ura, lokala, argia ordaindu behar da eta dugun dirua horretara bideratzen da" gaineratzen du.
Eliza ebangelikoak ere "sekta" susmoa bere gain darama "egia da badagoela Jainkoaren hitzetaz baliatuz dirua egin dutenak, hauek maisu faltsuak dira eta horretaz aritu zitzaigun Jesus" dio Larrañagak "baina gurea aski garbia da, guk ez dugu etekinik ateratzen".
9 hilabetez lanean
Jainkoaren deia sentitu "eta Lasarte-Orian zerbait ireki nahi zuela ulertu genuen, guk lehenengo inpultsoa jarri eta gero Jainkoak babesturik jarraituko genuen" aipatzen du Larrañagak.
Otsailean hasi ziren Lasarte-Oriako etxe bizitzetan ebanjelioari buruzko informazioa helarazten "herritarrei hemen gaudela erakutsi nahi genien" dio Larrañagak.
Eliza ezezagun honek erreakzio ezberdinak sortarazten ditu gizartean "batzuk haserretzen ziren panfletoa ematerakoan, beste batzuk eskerrak ematen zizkiguten, baina azken finean jendeak gure elizari beldurra diola sentiarazten ziguten" gaineratzen du.
Arazoak eta trabak alde batera utzi eta 2009. urteko ekainean lortu zuten euren egoitza irekitzea, "bederatzi hilabete hauetan jendea inguratzen hasi da," Larrañagaren hitzetan.
Erantzuna gehienbat mundu latinamerikarretik etorri da "han ebanjelioa gehiago ezagutzen da. Jainkoren existentziari errespetu gehiago zor diote” gaineratzen du.
Ebanjelioa jarraituz
Ebanjelioa aztertu eta ulertzen saiatzen dira ebanjelistak.
Hori lantzeko, astelehenetan 19:00etan eta asteartetan 09:30etan elkartzen dira Pablo Multiozabal, 7an duten egoitzan.
Ostegunetan 20:00etan gurtza kultua egiten dute "Bibliaren inguruan aritzen gara, irakurtzen, hausnarketan, kezkatzen gaituzten gaiei buruz" azaltzen digu Larrañagak.
Bilera nagusia, igande goizean izaten dute goizeko 11:30etan "denentzako gaude irekiak, gu ezagutzeko prest dagoen guztiak gure elizaren ateak zabalik ditu".