Buruntz-Azpi elkartean aurreko asteburuan egin zuten Calçotadan ehun lagun elkartu ziren, 70 heldu eta 30 haur. Calçot edo tipulinak eta arkumea jan zituzten brasan erreta hilaren 6an larunbatean egin zen bazkaria honetan.
Gironako Porqueres herritik etorritako Josep eta Maria bikoteak ekarri zituen gero Buruntzazpi kanpoan erre zituzten Calçotak. Katalunian ohikoa da garai honetan calçotada deitzen duten festa egitea. Lasarte-Oriara bigarren urtez jarraian etorri dira eta laster tradizio bihurtuko da, hurrengo urterako ere hitzordua jarri baitzuten.
Oporretan ezagutu zituzten lasarteoriatar batzuek kataluniarrak eta hortik sortu zen festa egiteko aukera. 800 inguru calçot ekarri eta erre zituzten Basaundi auzoko elkartean. Erretako azala kendu, saltsa batean busti eta eskuekin jaten dira calçotak.
Bazkalostean asko luzatu zen, giro bikaina izan baitzen, trikitixa eta txalaparta doinu eta umore onarekin. Aipagarria da umeentzat haurtzaindegi zerbitzua ere izan zela Ttakuneko ludotekaren eskutik.