Kontzertu paregabea Robet Expert kontratenoreak eskainitakoa

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 15a

Kalitate handiko kontzertua entzuteko aukera izan zuten ostiralean Danok Kide elkarteak, Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz, antolatutako V. Musika Topaketen ekitaldira hurbildu ziren herritarrek.
Robert Expert kontratenore frantsesak ahotsarekin duen trebezia eta teknika erakutsi zuen, bakarka, Alberto Saez Puente pianojoleak lagunduta edo Ainhoa Merzero sopranoarekin batera.

Kontzertua

Kontzertuan, Expert eta Merzerok konposagile handien operetako abestiak, abesti sakroak eta Frantziako abesti herrikoiak entzun ahal izan ziren kontratenoaren ahotsean, hala nola, Haendelen Theodora edo Rodelinda operetako pasarteak edo J.S. Bachen Pasion según San Juanekoak.
Herritarrek txalo zaparrada handia eskaini zioten kontzertu amaieran abeslari frantses eta haren laguntzaileei.
Kontzertu paregabe eta ahaztezina benetan Brigitarren komentukoa.

Gurasoentzat tailerrak

Danok Kide elkarteak Andatzazpi unitate pastoralaren laguntzaz antolatu dituen gurasoentzako hezkuntza tailerren bigarren saioa ostegunean, martxoaren 18an izango du leku Danok Kideko egoitzan, Blas de Lezo 11-13 zenbakian.
Tailer hauek Secun Gonzalez Orive pedagogo eta sexologoak zuzenduak dira. Eskarmentu handiko irakaslea da eta gizarte gaiak zein gai moralak landu ditu.
“Tailerren helburua norbera heztea da beste norbait hezi ahal izateko,” azaldu dute antolatzaileek. Hortik dator tailerren izenburua Hezi gaitezen hezi ahal izateko.

Saioak hilabetero

Bilerak hilabetean behin egiten dira, hilabeteko hirugarren ostegunean, hain zuzen ere, eta hamabi sesio dira.
Lehenengo bilera otsailean egin zen eta, antolatzaileek aipatu zutenez, saio horretan programaren eta lan egiteko modua azaldu zitzaien hurbildu zirenei.

Gaiak

Hilabete honetatik aurrera saioak hainbat gairi buruzko hausnarketa gune bihurtuko dira, hala nola, sentimenduak, intimitatea, jarrera positiboa edo sexualitatea.
Era honetara, bikote kideen arteko harreman kalitatea eta elkarbizitzarako jarrera hobea izatea espero da.

Gurasoei gonbitea egin

Antolatzaileek adierazi dutenez, lehenengo saioan parte hartzaile kopurua ez zen bete.
Horregatik gonbitea egiten diete bikote harremanak sendotu eta haurren, zein nerabeen hezkuntzan interesatuak dauden gurasoei. Tailerra doan dela ere jakinarazten dute.
Beraz, bikote interesatuek ostegunean Danok Kideren egoitzara hurbildu daitezke.
Hala ere, antolatzaileek adierazi dutenez, “943 371 616 zenbakira deitu behar dute lehenik bikoteek izena emateko.