15 Etxebizitza Babestuen eskatzaileen zerrenda gaur ireki da

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 15a

Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroa martxan jarriko da gaurtik aurrera. “Orain da izena emateko garaia. Orain arte, ez zegoen erregistrorik eta hau izango dugu kontuan” azaldu zuen Jesus Zaballos alkateak ostiralean eskainitako prentsaurrekoan.
Etorkizunean udal promozioetan etxebizitza babestua eskatzen duen lasarteoriatarren eskariak jasotzeko balioko duen tresna izango da, bai alokairuen kasuan, eta baita urte batzuetarako erabilera eskubideen kasuan ere.
“Erregistroak herrian dagoen eskaria zehaztu eta promozioetako baldintzak ezartzen lagunduko digu,” adierazi zuen alkateak.

Lehen Promozioa

“Erregistroa ez da inoiz itxiko, baina epeak jarriko ditugu promozio bakoitzean, honela, lehenengo hilabete honetan izena ematen dutenek Goiegi Ibarreko etxebizitzen zozketan parte hartzeko aukera izango dute,” adierazi zuen Zaballosek.
Herritarren etxebizitza eskaerari aurre egiteko Goiegiko Ibarran 76 etxebizitza egingo ditu Udalak eta beste 100 Loidi-Barrenen.
“Loidi-Barreneko etxebizitzen zozketa udara baino lehen egiteko asmoa dugu“ aurreratu zuen alkateak eta “horretarako beste epe bat jarriko dugu.”

Eskubidea edo alokairua

Jesus Zaballos alkateak azaldu zuenez, “Udalak egingo dituen etxebizitzak 75 urteko lurrazaleko eskubidea izango dute, (75 urtetarako emango dira). Etxebizitzen beharra asetzeko egingo ditugu etxe hauek, ez etxebizitzekin negozioa egiteko.”
Honela, etxebizitza saldu edo alokatu nahi baldin bada Udalarekin hitz egin beharko litzateke, zerrendatan dauden pertsonekin harremanetan jartzeko.
Era berean, etorkizunean alokairuko etxebizitzak ere egongo direla azaldu zuen. “Zabaleta-Berriko eremuan negoziazioetan gaude zuzkidura-alojamenduetako eremu bat lortzeko eta Kotxeraseko proiektuan ere beste eremu bat egongo da,” aipatu zuen.
Hala ere, aurrerantzean herrian promotore ezberdinek egingo dituzten proiektuetako etxebizitza kopuru bat Udalarentzat izango dela aurreratu zuen eta horiek ere alokairuan jarriko dituztela.
Gazteak eta herritarrak
“Azken urteetan zaila izan da etxebizitza eskuratzea, bereziki gurasoen etxetik joan nahi duten gazteentzat. Horregatik, onartzeko dagoen Goiegi Ibarreko proposamenean, etxebizitzen %50a 35 urte azpiko gazteentzat izango dira” adierazi zuen alkateak. Gainera, legeak dioen bezala ehuneko bat egongo da pertsona ezinduentzat eta beste ehuneko bat familia ugarientzat.
Bestalde, Etxebiderekin hizketan ari direla aipatu du alkateak, “Eusko Jaurlaritzak eremu horretan egin behar dituen 75 etxebizitzen ehuneko bat herrikoentzat izatea nahiko genuke eta.”

Baldintzak

Baldintzei dagokienez Erregistroaren araudian aurki daitezke eta Lasarte-Orian 5 urte baino gehiago erroldatua egotea da horietako bat.
“Baldintza ekonomikoak, berriz, Etxebidek kontuan hartzen dituenak dira” azaldu zuen Zaballosek eta jendea animatu zuen bulegotik pasa eta bere egoera azaltzeko “salbuespenak baitaude.”

Izena ematea

Izena emateko lekua Lasarte-Oriako Udaleko 4. solairuan sortu den bulegoa da eta ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era.
Bertan jasoko dituzte izena emateko baldintzak eta bete beharreko orria. “Orrialdean zein etxebizitza mota nahi duzun, zenbat pertsona biziko diren, etb. azaldu beharko dira” aipatu zuen alkateak.
Hala ere, “pertsonek banaka edo bikoteek eman dezakete izena. Herritarrak bikoteen erregistroa egitera animatzen ditugu zozketan zenbaki gehiago izango baitituzte horrela” azpimarratu zuen.
Izena ematen duten herritarrek promozio guztietarako aukera izango dute eskabidean adierazitakoaren arabera eta, beti ere, ezarritako baldintzak eta promozio bakoitzeko espezifikoak betetzen badira.
“Dokumentazio guztiaren eskaera zozketaren ostean egingo da, behin behineko hautatuak direnean,” adierazi zuen Zaballosek.
Udalaren www.lasarte-oria.org web orrialdean informazio guztia eskaintzen da.