Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bederatzi egunetan, Alsazian, La Bresse izeneko herri menditsuan, izan da Gotzon Huegun, Lasarte-Oriako eskultorea, emakume baten irudia zizelkatzen, mundu osoko beste 24 eskultorerekin batera, eta ohorezko diploma jaso du gainera, epai-mahaikoek hiru lan onenen artean aukeratu baitute. Esperientzia, oroitzapen onak eta datorren urtean berriro jaialdira joateko gonbidapena ekarri ditu lasarteoriatarrak.
“Niretzat erronka handia izan da eta ikusi dut gai izan naizela, denbora gutxian, lan handi bat egiteko”. Egurrean sekula egin duen lanik handiena izan da, harrian egin ditu handiagoak, baina tailerrean eta beste era batera, denbora gehiagorekin, “Sinposiumean ezin duzu goiz bat pentsatzen pasa, a tope ibili behar duzu” esan digu Lasarte-Oriako eskultoreak. Ez zuen hain ezki enbor hain handirik espero: “Nire enborra baino handiagoak ere bazeuden, eta zozketa egiten da. Motozerrarik ez neukan, banekien eskuz ezin nuela zortzi egunetan bukatu,... gero antolatzaileek utzi zidaten motozerra”. Elektrikoa utzi zioten, ez dauka motordunak beste indar, baina moldatu zen. La Bresse herria Suitza eta Alemania muga ondoan dago, Estrasburgotik gertu, Alsazian, inguru menditsu batean.