“Bertso Konposta” ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 18a

Zubietan eraiki nahi duten Erraustegiaren aurka dauden plataformek antolaturik, bertso konposta egingo dute ostiral gauean Lasarte-Oriako Kultur Etxean: 22:00etan hasita, Andoni Otamendi lasarteoriatarrarekin batera, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Zelaia, Josu Oiartzabal eta Iñaki Gurrutxagak kantatuko dute.
Bertsolari denak dira inguruko herrietakoak, erraustegiaren eragina sentituko dutenak, gainera Euskal Herriko azken txapelketan ondo aritu direnak, sarrera doan da eta beraz antolatzaileek Kultur Etxea betetzea espero dute.
Errausketaren aurkako Gipuzkoako plataformen koordinadorak antolatu du bertso saioa aldarrikapen honi bultzadatxo bat emateko. Atez ateko zabor bilketa Gipuzkoa osora hedatzea da plataforma hauen helburua, eta hori isladatu dute saiorako prestatu duten kartelean. Gipuzkoako mapan jada bilketa sistema alternatiboa martxan jarriko duten Usurbil, Hernani eta Oiartzun agertzen dira. Ia hutsik dago beraz momentuz mapa baina Atez Ateko sistema beste herrietara zabaltzen doan heinean beteko da.

Aukera eta denbora

Lasarte Oria Bizirik taldeko antolatzaileek adierazi dutenez, atez atekoaren gaiari oihartzuna ematea da helburua: "Badirudi dena egina dagoela, erraustegia jarriko digutela, baina ez da horrela. Oraindik gauzak egin daitezke eta denbora dago egiteko. Horren adibidea da Usurbilen atez ateko bilketa martxan jarri dutela, hain zuzen, jada urtea bete duen alternatiba. Aukera eta denbora badago, baina erraustegia gero eta gertuago daukagu eta ezin gara lo egon".
Udara bitartean oraindik zehaztu gabeko hainbat ekimen burutzeko asmoa dute eta hasteko, asteburu honetan, Atez ateko hondakin bilketari buruzko Nazioarteko Jardunaldia burutuko da: hitzaldiak antolatu dituzte San Markoseko Mankomunitatearekin batera, Hernani, Usurbil, Oiartzun eta Urnietan atez ateko zabor bilketari buruz eta igandean Usurbilen, Atez Atekoak lehen urtea betetzen duela eta, festatxo bat. Egitarau honen barruan kokatzen da Lasarte-Oriako bertso saioa ere.
Ostiralean 19:30ean lau herrietan burutuko diren hitzaldietan, Italia eta Kataluniatik etorritako Assumpta Boba, Roberto Cavallo, Rossano Ercolini, Ignasi Puig eta Josep Maria Tost-ek hartuko dute parte.
Lasarte-Oria Bizirik taldeko ordezkariak asteburuan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzearekin batera zera adierazi digu, oraindik alternatibak abian jartzeko aukera dagoela, "baina denok kontzientziatu behar dugu, azken finean zaborra guztion arazoa da, eta denoi dagokigu zerbait egitea".