Plazaolako landa-parkeko zehaztasunak hurrengo bileran

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 21a

Ostegunean, martxoaren 25ean, Plazaola landa-parkea guztion artean definitzeko bigarren bilera egingo da, Manuel Lekuona Kultur etxean.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eudelekin elkarlanean, herritarren parte-hartzea bultzatzeko sustatzen duen Kudeatuz programaren baitan kokatzen da.
Bigarren saio honetan, aurreko bileran egindako proposamenak aztertuko dira.
Horretarako eta proiektuak sortzen dituen zalantzak argitzeko, batez ere, gai teknikoei dagozkienak, bertan izango dira Lasarte-Oriako Udaleko zenbait teknikari eta arduradun politiko.

Web gunea

Lehenengo bilerara edo saio ezberdinetara joan ezin direnentzako Udalaren webgunean, www.lasarte-oria.org, programa eta proiektuaren berria ematen den atal bat dago, Parte hartzen izenekoa.
Gune honetan, besteak beste, parte hartze prozesuaren berri ematen da, deialdiak eta bileretan egingo den lanen azalpenak edo Plazaolako landa-parkearen planoa ikusi daiteke.
Era berean, herritarrek haien proposamenak egiteko aukera dute web gunean eta, era horretara, prozesuan parte hartzekoa.

Lehenengo saioaren irakurketa

Irakurketa positiboa egin du Lasarte-Oriako Udalak, “berrogeita hamar herritar baino gehiago agertu baitziren. Lehen saio horretatik, herritarrek egindako hainbat ekarpen eta iradokizun atera dira,” besteak beste, bidegorri bat egitea, atseden-eremu komundun bat egitea, zuhaitz natura errespetatzea eta horren zabalkundea egitea edo oroimen historikoa sustatzea.
Tamalez, lur jabeek proiektua eta desjabetzea kritikatu eta “kritikatzearen dinamika horrek oztopatu egin zuen herritar askoren ekarpenen arintasuna; izan ere, haietako batzuek nahiago izan zuten beren ideiak eta iradokizunak ez esan, urte askoan lur-sail horien parte handi baten erabilera pribatiboa egin dutenen interesen kaltetan ez joatearren.”
Era berean, herritarren mesfidantza agertu zen egon zitekeen proiektu bati buruz ere.