Feminismoa eta matxismoa biak intolerantzia muturrak direla esaten dutenentzat. (Txintxarri 847.zk. 2010-03-12)
Definizioak:
Matxismoa: emakumeen kontrako jarrera eta praktika sexista ofentsibo eta iraingarrien multzoa da. Gizartean, hau da, familian, eskolan, komunikabideetan, oso errotuta dagoen praktika politikoa da. Matxismoa emakumeen dominazioa sustatzen duen jarrera eta pentsamendua da.
Gizonezkoak emakumezkoak baino gizarte-maila altuagoan jartzen dituen pentsamendu sistema eta praktika da, non, emakumezkoa gizonezkoen beharrak eta desioak asetzeko besterik ez dagoen.
Feminismoa emakumeen esperientzian oinarritutako eta iraganeko eta gaur egungo erlazio sozialak kritikatzen dituen teoria sozial eta praktika politikoen multzoa da. Gehienbat, feminismoak gizonen eta emakumeen arteko eskubideen ezberdintasuna kritikatzen du eta emakumeen eskubideen sustapena aldarrikatzen du. Teoria feministek sexuaren, sexualitatearen eta botere sozial, politiko eta ekonomikoaren arteko erlazioa zalantzan jartzen du.
Feminismoaren azpi-taldeetako batzuk honakoak dira: feminismo kulturala, feminismo erradikala, ekofeminismoa, feminismo liberala, ezberdintasunaren feminismoa, feminismo marxista, feminismo separatista, feminismo filosofikoa, feminismo islamikoa, feminismo kristaua… feminismoa mugimendu plurala da.
Matxismoak jipoitu egiten gaitu, bortxatu egiten gaitu, akabatu egiten gaitu, mespretxatu egiten gaitu, iraindu egiten gaitu. Matxismoak "matxo" jarrerak praktikatzen ez dituzten beste gizonak ere jipoitu, mespretxatu eta akabatzen ditu. Matxistek jendartearen erdia baino gehiagoren gainetik daudela uste dute eta hauek zapaltzen saiatzen dira.
"Matxismoak hil, txirotu eta txotxolotu egiten du, hurrenkera horretan" (Amalia Valcárcel)
Feminismoaren borrokari esker emakumezkook: bozkatu dezakegu, hautagai izan gaitezke, salatu dezakegu jipoia eta bortxaketa, diru-kontuetan burujabe izan gaitezke -aitaren eta senarraren baimenik gabe-, senarrarengandik banadu gaitezke, ezkongabe bizi gaitezke, unibertsitatera joan gaitezke, galtzak erabil ditzakegu... hitz laburrean,burujabe izan gaitezke.
Arrazakeria eta arrazakeriaren kontra egiten dutenek biak intolerantzia muturrak direla esaten ez degun bezela, feminismoa matxismoaren kontrako muturra dela baieztatzea ez da ignorantzia politiko, sozial eta historiakoaren erakusle soilik, estatu eta hedabideen egiturazko matxismoaren eredu ere.
Emakumeok asko zor diogu feminismoari eta asko dago oraindik egiteke. Berdintasunaren alde dagoen edonor feminista da, feminista ez den edonor berdintasunaren kontra eta emakumeen menderapenaren alde legoke.
Gora borroka feminista!!!
Beatriz Egizabal