Aberastasunaren banaketa egokiagoa eskatu du LABek

Txintxarri 2010eko martxoaren 22a

Ekonomi krisiaren datuak eta konponbidea bilatzeko hartu beharreko neurriak jakinarazi ditu LAB sindikatuak. Hauen iritziz, ekonomia hazi den garaian sortu den aberastasuna esku gutxitan pilatzen joan da, eta aldiz langileen lan baldintzak kaxkarzen. Orain langileak ari dira sufritzen krisiaren ondorio ezberdinak eta aldaketa sakonak eskatu ditu LABek: "aberastasunaren banaketa orekatuagoan oinarrituta egongo den eredu ekonomiko eta soziala behar dugu".

Enplegu bulegoan jakinarazi dizkiguten datuen arabera, Lasarte-Orian otsailean 1.329 langabetu ziren, iazko otsailean baino 235 langabetu gehiago; 779 gizonezkoak, 650 emakumezkoak eta zerbitzuen sektorean dira langabezia tasa handienak, 803 guztira.
Hego Euskal Herrian, otsailean, 180.913 langabetu ziren; Gipuzkoan 41.463 (%11,79) eta Buruntzaldean 4.086, hauetatik 1.013 Industria Sektorean (%25) eta 2.243 Zerbitzu Sektorean (%60).
Datuetan ikusten denez, langabezia etengabe gora doa, krisialdiak enpleguan eragin handia du eta langileak sufritzen ditu bere ondorioak. Sortzen diren lanpostuak, aldiz, ezegonkorrak dira, (kontratazioen ehuneko 8,75 da soilik finkoa) eta baldintzak kaxkarrak: behin behinekotasuna, azpikontratazioa,lan istripu tasa altuak, langabetu gehiago...). Espediente kopurua izugarri handitu da testuinguru honetan eta Administrazioek ia guztiak onartu ditu. LAB sindikatuko ordezkarien ustez, "Honek indar harremanak erabat patronalaren alde desorekatu ditu”.
LABen iritziz enpleguaren egoera kezkagarria da: “arazoa areagotu egin da krisialdiarekin. Kapitalismo eta patriarkatu basatian oinarritzen den egungo eredu ekonomikoarekin langileak beti aterako gara kaltetuak. Helburu bakarra enpresen mozkinak pilatzea da, langileen behar izanak bigarren mailan geratzen dira".

Betiko errezetak

Langabezia gelditu eta lanpostuak defenditzearen aldeko apustu egiten du sindikatuak: "Krisialditik irteteko betiko errezetak proposatzen dizkigute, noski langilearen kontura. Gainera, erreforma berrien mehatxua mahai gainean dugu". LABen ustez, presio sozialari esker, eta hauteskundeak laster datozelako, pentsioak murrizteko neurri horiek gelditu edota atzeratu dira baina lan merkatua malgutzeaz hitz egiten ari direla salatu du eta pentsioak murriztearekin batera, lan-erreforma gogorra ere iragarri dutela krisitik atera ahal izateko: soldatak are gehiago murriztu, kaleratzeak merkatu; eta abar.
Erreforma hauek helburu bakarra daukate LABen iritziz: "enpresen irabaziak langileen kontura berreskuratzea eta abantaila berriak ateratzea, baita krisi garaian ere".
Langileen behar izanak kontuan hartzeko sakoneko aldaketa eskatzen ditu LABek: sortzen den aberastasunaren banaketan dago gakoa eta krisia sortu duen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko lau ardatzetan oinarritutako plan integrala proposatzen du. Batetik, sektore Publiko indartsu baten apustua, ekonomia jendartearen mesedetan jarriz, bestetik lana banatuz kalitatezko enplegua sortu, hirugarrena, Babes soziala indartzea eta azkenik, politika ekonomiko eta sozialak bertan eta "langileon parte hartzerekin" erabaki daitezela.