Elaborazioan ezarri dute arreta. Produktu ezberdinak landu eta eskaintzen dizkigute. Elaborazio zorrotza egiten dute eta hori ezaguna da.
Horregatik, Vizmalo, Burgosen dagoen Wagyu abere biltegiko jabea den Patxi Garmendia bergaratarra "guregana etorri zen Wagyu-ko txistorrak eta saltxitxak egiteko proposamenarekin, etorkizunean beste merkatuetan saltzeko" adierazi ziguten harategitik.
Wagyu idiaren berri izan, nola hezi eta zein haragi mota zen aztertu "eta probatu egin genuen, gustatu zitzaigun eta salgai jartzea erabaki genuen".
Lasaitasunean hazita
Egunean ardo litro bat edan. Lasaitasunez bazkatu eta adin bera dutenen artean larrera ateratzen dira. Espazio handi batean Wagyu gutxi bizi dira elkarrekin, helburua zehatza izanik, estresik gabe haztea.
Japonian garagardoa eta masajeak jasotzen dituztela dio kondairak, "baina hori ez dakigu egia den ala ez, arraza honek daukan ona genetika da, haragiak barneratuak dituen koipeak" aipatzen dute Larrañagatarrek.
Wagyuak ez dira handiak, "oso itsusiak eta ipurdirik gabekoak dira gainera" diote.
Mantsoak dira, estresarik gabe bizi direnez "zuregana hurbiltzen dira jolastera, mingaina ere ateratzen dizutela". Normalean behiak zu hurbildu bezain laster alde egiten du, "honek kontrakoa egiten du, gizakiek ez diete beldurrik ematen".
Haragi honen onurak
Koipe asegabeak ditu Wagyu-aren haragiak eta hori hona da gure gorputzarentzat. "Urdaiazpiko Iberikoaren koipearen antzera jokatzen du. Koipe monoinsaturatuak dira eta zirkulazio eta minbizi gaixotasunak saihesten ditu" dio Larrañagak, "eta guzti hau aztertuta dago" gaineratzen du.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak www.nuestrobuey.com helbidean aurkituko du, Wagyu-ren ezaugarriak eta bere alde onuragarrien azalpenak.
Eta bestearekin zer?
Idi honen xerrak, txuleta eta saiheskia bakarrik saldu ohi dira. Gainerako haragiarekin zerbait egin beharra zegoen, hortik etorri zen txistorra egiteko ideia, eta baita Larrañaga Harategira hurbiltzeko deia.
Musulmanek ez dute txerrikirik jaten, eta abere-biltegikoek badakite. Baina idia aldiz jan dezakete, eta bertan merkatua aurkitzea dute helburu.
Gero eta etorkin gehiago dago, eta beraientzat ere lan egin beharra dago. "Ekarri ziguten haragiarekin saltxitxak eta txistorrak egin genituen, probatu eta gustatu zitzaien" gaineratzen dute.
Orain, pixkanaka probatzen ari dinerei “gustatzea baino ez dugu espero, eta denbora laburrean beste merkatuetan ere gure produktua ikustea.”
Garestia ala merkea da?
Badira haragi hau Japonian dastatu eta gero, Larrañaga Harategira hurbildu direnak errepikatzeko asmoz.
Bertaratu direnak aldaketa “txiki batekin” egin dute topo, prezioa.
Orain dela gutxi, gasteiztar bat hurbildu zitzaien Wagyu haragia erosteko asmoarekin eta hemengo prezioa ikusita harriturik geratu zen. "Japonian egona zen eta xerra batengatik 30.000 pezeta ordaindu zituen, bertan kiloa 600 eurotara baitago; hemen aldiz, saiheskia 35 eurotan, xerra 38 eurotan eta txuleta 90 eurotan saltzen dugu" azaldu digute harakinek.
Garestia iruditu arren, badirudi merezi duela probatzeak. Asko leku urrunetatik badatoz eta bidaia luzeak egiten badituzte Wagyu haragi hau probatu eta erosteko, aitzakiarik ez dago Lasarte-Orian bizi direnentzat.