“Urte hasierako helburu guztiak gainditu ditugu”

itxaso-moreno 2010eko martxoaren 22a

Denboraldiari ederra egiten ari da Ostadar K.F.-ko Erregional Gorena. Iaz bigarren erregionalean jokatu eta igoera lortu zuen. Aurten, denboraldi hasieratik lehenengo postua eskuratu eta badirudi kosta egingo zaiela beste taldeei postu horretatik alboratzea. Gogor jardun dira maila honetan eta orain Ohorezko Mailara igotzeko ateak gero eta gertuago ditu Joxean Beldarrainen taldeak.

Joxean Beldarrainek urte hasieran, maila berria jokalariei ezagutarazi eta horretan mantentzea helburu bazituen ere, aurreikuspen guztiak alde batera utzi eta momentu honetan Ohorezko Mailarako txartela lortzea du buruan.
Gorka Belartietaren laguntzarekin, Joxean Beldarrainek lan bikaina egin du eta lan gogorra burutzen ari dira Erregionaleko mutilekin. Ondorioz, herrian zirrara piztu, eta orain gazte ugari dira Michelinera hurbiltzen direnak Ostadarren denboraldi paregabeaz gozatzera.

Talde indartsua aurtengoa, nola ikusten duzu?
Hasieran ezarritako asmoak betetzen ari dira, gogor eta sendo hasi, eta berdintsu amaitu.
Oso talde gaztea da. Normalean, ekipo gazte batekin hasierak kaskarrak izaten dira, gainera kategoria ezezagun batean hasteak...
Beldurra genuen arren, hasieratik uxatu ziren zalantzak eta indartsu hasi ginen, oso ondo, askotan gehiegi ere iruditu zait.
Hasieratik lehenengo postuarekin egin ginen eta bost hilabetetan hor mantendu gara.
Zoritxarrez pasa den asteburuan galdu, eta bigarren gaude orain. Baina taldea oso ondo dago. Guztiak etortzen dira entrenatzera egunero, giro ikaragarria dago eta hori oso garrantzitsua da.

Urteko sorpresa izan zarete, non dago gakoa?
Bi orduko saioak egiten ditugu eta normalean gainerako taldeak ordu eta erdi, ordu eta laurden egiten dute.
Gainera, astean hirutan entrenatzen dugu eta gehienetan gazte guztiak etortzen dira. Ohikoa da maila hauetan askok huts egitea eta gurean horrela ez denez, fisikoki oso ondo prestatuak gaude.
Gainera gure gazteak ilusioarekin daude. Zortzi partidu geratzen zaizkigu, hor gaude, eta eurek badakite.
Liga amaitu arte postu gorenetan egongo gara eta horrek aurrera jarraitu, lehenengo postuan amaitu eta Ohorezko Mailara igoera eskuratzeko gogoak pizten dizkie.

Denboraldi hasierako fitxaketak nola ikusi dituzu?
Hernanin aritzen ziren hiru jokalari fitxatu genituen. Oso ondo dabiltza, eta oso gustura. Gure herrian jokalari asko dira kanpoan aritzen direnak, baina aukera baldin badago ekarriko ditugu.
Niretzako ere lehenengo urtea da hau, eta nire gogo berdinak somatu dizkiet taldekide guztiei.
Denboraldi hasieran ezarritako helburuak gainditu eta orain, pentsa ezin genezakeen igoera eskuratzekotan gaude.
Norbaitek lekua kendu nahi badigu, gu baino korrika gehiago egin beharko du, eta guk asko egiten dugu, ez ahaztu.

Zortzi partidu liga amaitzeko, zer espero duzue?
Talde guztiak berdin samarrak gara. Badaude 2-3 talde bizpahiru jokalari oso onak dituztenak, guk ez dugu horrelakorik.
Gure taldeko 15-17 gaztek itxura berdina dute, baina maila onekoak. Beraz, azken finean talde gehienak parekatuak gaude eta geratzen zaizkigun partidu hauetan lehia nabaria izango da.
Batzuk igotzeko puntuak behar dituztelako gogor saiatuko dira, eta besteak aldiz, kategoria salbatzeko puntuak lortzen saiatuko dira.

Beti Ona eta Roteta dira zuekin lehia zuzenean dauden taldeak, nola ikusten dituzu?
Beti Ona talde bezala hobeto ikusten dut eta Roteta indibidualki.
Urtero lehenengo postuetan ibiltzen dira, baina gero ez dira igotzen.
Aurten berdina gertatzea espero dut eta horrela maila igoera Ostadarrentzat izan dadila.

Jubenilek ere denboraldi ederra egin dute, nola ikusten duzu herriko harrobia?
Herri guztietan antzekoa da, beti ere, biztanleriaren arabera zabalagoa izan daiteke.
Niretzako gauzak hasieratik, azpitik ondo egin behar dira harrobi ona ateratzeko eta Ostadar azkeneko urteetan oso ondo dabil.
Gero eta talde gehiago ditu Ostadarrek, baita kategoria ezberdinetan jokatzen dutenak, eta horrek herriko kirolarientzat onuragarria da, ez dutelako herritik kanpo joan behar. Koadrila herrian dute eta denak elkarrekin jolasteko aukera badute, hobe. Guk hori lortu nahi dugu eta ustez, bide onetik goaz.

Gutxi geratzen da liga amaitzeko, nola daude jokalariak?
Oso indartsu ikusten ditut. Dugun giro politak ere asko laguntzen du. Ilusioz beteta daude, are eta gehiago egin duten lana bere fruituak eman ditzakeela ikusita.
Egungo gazteak gauza asko dituzte egiteko, baina gure gazteek astean hirutan entrenamendutara eta gero partidura etortzeko ahalegina egiten dute. Oso inplikatuak daude. Baina halaber, harrituak herrian sortu den giroarekin, umeak gure partiduak ikustera datoz, zelaian musika eta banderak egoten dira...
Presioa eta tentsioa ere nabaritzen dute, inoiz ez delako Ohorezko Mailara igotzeko aukera hau eman.
Baina Gorka eta nik zelaira ateratzen direnean laguntzen diegu, presioa albo batera utzi eta dakiten moduan jokatu dezaten.