Gaztelekuaren eta Frontoiko bigarren fasearen proiektuak aurrera doaz

Txintxarri 2010eko martxoaren 22a

Tokiko Enplegu eta Egonkortasunerako Estatu Funtsera aurkeztutako proiektuen aurkezpena egin zuen ostegunean Jesus Zaballos alkateak.
Aurten, Estatuak lagundutako bi proiektu egingo dira Lasarte-Orian, Gaztelekua eta Frontoi eta padeleko bigarren fasea.
Egun bi lanetako baldintza-orriak prestatzen ari direla jakinarazi zuen alkateak, lehen bait lehen lanen esleipena egin eta lan horiekin hasteko.
Izan ere, Estatuko laguntza hauen baldintzetako bat urte bukaerarako lanak bukatuak egotea da eta alkateak aurreratu zuenez, “hauek lehenenago egongo dira bukatuak.”

Gaztelekua

Gaztelekuko proiektuak 1.238.276,01 euroko aurrekontua du.
“Jaizkibel plaza eta Adarra kalea erabat itxuraldatuko duen eraikuntza da,” adierazi zuen alkateak.
Izan ere, Gaztelekuko eraikuntza modernoa izango da, beirazko bi fatxada izango ditu, Jaizkibel plaza eta Adarra kaletik sarrera izango du eta led argiak “kolorez aldatzen direnak, egun seinalatuak edo ospatzeko, esate baterako IHESAren eguna bada gorria, etab.”
Bi solairutako 800 metroko eraikuntza izango da, bata Jaizkibel plazaren mailan eta bestea lurperatua.
Bigarren solairu horrek argi naturala izango duela azpimarratu zuen Jesus Zaballosek, “lehenengo solairuko eremu batzuk gorde dira horretarako. Horietan leihoak edo kainaberako dekoratuak egongo dira.”
Era berean, eremuak ongi banatuak ditu, ”ekintza bakoitzerako eremu bat finkatu dugu. Era honetara, herritarrak nahi duten lekura joan daitezke besteei ezertan eragotzi gabe,” azaldu zuen.

Solairuak

Gaztelekuko lehenengo solairuan, pasilo bat egongo da “erakusketak egiteko erabili daitekeena”, Gazteen informazio bulegoa, KZgunea, gazteak egoteko eremua “playstation eta sofa eremua”, bilera gelak eta gazte elkarteentzako txokoa egongo dira.
Azken honetan, “gazte elkarteek bere postontziak izango dituzte eta gelak bilerak egiteko,” azaldu du alakteak.
Bigaren solairuan, berriz, ekitaldi eta tailerren eremua izango da.
Bilera gelak daude, “hormak mugitu ahalko dira eta altzariak ere bai, erabileraren arabera moldatzeko,” azaldu zuen.
Bestetik, solairu horretan, ikastaroetarako psikomotrizitate gela, aldagelak, herriko taldeentzat entsegu gelak eta auditorioa edo balioanitzeko gela daude.
“Entsegu geletara Parapetoko taldeak ekarriko ditugu eta bertan instrumentuak uzteko aukera izango dute biltegiei esker,” aipatu zuen eta auditorioari dagokionez, “ Xpressionek kultur etxeko kafetegian egiten dituen ekitaldiak hona ekarri ahalko ditugu.”
Gaztelekuko lanek 6 hilabete iraungo dute eta “hurrengo urtean martxan egotea espero dugu”, aurreratu zuen alkateak.

Frontoiko eremua

Bigarren proiektua, Loidi-Barreneko frontoiko eta padeleko pistako bigarren fasea da.
Padel pista eta honetarako azpiegiturak jarri, frontoiko frontisa eta argiteria eta frontoi atzean kokatuko den rokodromoa daude proiektu honen baitan.
Lanak 654.576,88 euroko aurrekontua du eta hiru hilabeteetan egingo dira.