Erakusketak, jarduerak ... denetarik prestatu dute beraien lana eta eragina erakutsi eta ezagutarazteko. Andatza Plazan, leku zabal eta sarbide erraza duen lekuan egingo dira jarduera guztiak, hau Udalaren kolaborazioari esker.
Ura
Andatza plazan jorratuko diren jardueraz gain, Manuel Lekuona kultur etxean “Moviendonos por el agua” erakusketa ikusgai edukiko dugu martxoaren 22tik 26ra bitartean, biak barne. Bertan uraren erabilpen egokia izango da gai nagusia. Arratsaldeko 17:00etatik 19:30era bitartean ikusteko aukera izango da.
Erakusketa aldakorra
“Milenioko 8 helburuak” erakusketa egongo da ikusgai astelehenean arratsaldeko 17:00etatik 19:30ak arte Andatza plazan. Ordutegi eta leku berdinean, asteazkenean Giza-eskuhartze erakusketa egongo da ikusgai. Ostiralean ere, erakusketa egongo da plazan, oraingoan ibilgailu eta erreskate materiala erakutsiko dute. Eta larunbatean, ibilgailuetaz gain, larrialdietarako erabiltzen duten materiala ezagutzeko aukera izango dugu goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte.
Urarekin jolasean
Ura eta bere garrantzia guztion jakinaren gainean dago. Horretaz jabetzeko astearte arratsaldean, 17:00etatik 19:30ak bitartean, elementu honen inguruan jarduerak antolatu dira.
Erreanimazioa lantzen
Larrialdi momentu batean lagundu ahal izateko erreanimazio kardio pulmonarra nola egiten den erakusteko tailerra prestatu dute ere, ostegunean, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era, Andatza plazan.
Larrialdi simulakroa
Jarduera guzti hauei larrialdi simulakro batekin emango zaie amaiera. Igandean, eguerdiko 12:00etan trafiko istripu bateko erreskatea eta bi biktimen ebakuazioa irudikatuko dute.
Aste osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00ak arte, Andantza plazan Gurutze Gorriak informazio puntua jarriko du.