25 Lanpostuak alarma gorrian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 25a

Enplegua suntsitzearen aurkako martxan antolatu du LAB sindikatuak langileriak eta lan esparruak Buruntzaldean bizi duten gainbehera salatzeko. Konkretuki, Lasarte-Oria, 2008ko uztailean 720 langabetu izatetik otsailean 1.329 izatera pasa da; ia bikoiztu egin da, beraz, langabetu kopurua eta une honetan langabezia tasa ehuneko 15ekoa da. Martxa gaur goizeko 9:00etan aterako da Usurbilgo pilotaleku atzetik eta Hernanin gutxi gorabehera eguerdiko ordu batean amaituko da Zinkoenea plazan egingo den agerraldiarekin.

Buruntzaldea alarma gorrian" leloa du LAB sindikatuak enplegua suntsitzearen aurka antolatu duen martxak. Langile talde bat Usurbildik abiatuko da oinez gaur goizeko 9:00etan eta 10:00 baino lehen izango da Lasarte-Orian. Michelindik sartu eta Oria aldera abiatuko da, handik, 10:30ak inguruan, Urnietarantz joateko, han hamaiketakoa egiteko hitzordua dute eta 11:30etan. Andoaindik aterako den beste talde batekin elkartu eta Hernanin amaituko dute martxa, Zinkoeneako plazan egingo den protestaldiarekin.
LAB sindikatuak martxa honen bidez, eskualdeak ekonomikoki bizi duen egoera larria salatu nahi du. %65a ugaritu da langabezia eskualdean; 2008ko uztailean 2.582 langabetu ziren eta 2010eko otsailean 4.281; langabezia tasa %12,6koa da Buruntzaldean. Lasarte-Orian egoera are kaxkarragoa da. Ia ehunetik 85 ugaritu da, 720tik 1329ra eta langabetuak %15 dira. Andoain 576tik 1.006ra pasa da; Astigarraga 135etik 195ra; Hernani 762tik 1.144ra; Urnieta 212tik 303ra eta Usurbil 177tik 304ra.

Prentsaurrekoa

Datu hauek eta gaurko ibilaldia ezagutarazteko prentsaurrekoa eman zuten asteazken eguerdian Hernanin, Lurdes Eraso LABeko eskualdeko arduradunarekin batera, Lasarte-Oriako Jon Martin, Usurbilgo Josu Portu eta Hernaniko Jabi Hernandezek.
Bertan salatu zuten azken bi urteotan, krisi hotsak hasi zirenetik, erakundeak krisia sortu zuten banku eta espekulatzaile kapitalistak salbatu nahian ibili direla, hauek sortutako krisi hori langileak ordaintzen ari diren bitartean: langabezia, gizarte babesaren eta zerbitzu publikoen galerak, mixeria,... "Eta orain gure lan eskubideak berriz ere zokoratuko dituen lan merkatuaren erreforma inposatu nahi digute" zioten.

Alternatibak

Sindikatuaren ustez, eredu neoliberalak langileentzat alternatibarik eskaintzen ez badu ere, badago alternatiba, hain zuzen, "lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eta langileok eraiki beharreko alternatiba".
Krisialdiari aurre egiteko kontuan izan beharreko lau ardatz aipatu zituzten LABeko ordezkariek prentsaurrekoan, euskal sektore publiko sendo eraginkor eta indartsuaren premia; lanaren banaketan oinarritutako enplegu estrategia orokorra; Babes Sozialerako sistema duina euskal pentsio sistema publikoaren alde eginez, eta azkenik langileek erabakietan parte hartzerik izan dezaten politika ekonomiko eta sozialak bertan erabaki daitezela.