Negoziaketa jangeletako grebaren gatazkan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 26a

Aiton-amonen edo izeba-osaben etxean bazkaltzea edo ogitartekoa. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen eskola publikoen jangelen greba hasi zenetik gurasoek aurkitu behar izan dituzten irtenbideetako batzuk.

2009. urteko apirilean hasi zuten jangeletako langileek greba, aste honetan ere beste bi greba egun izan dira, asteazkenean eta ostegunean, eta horiekin, hamabost egun izan dira eskoletan otordurik gabekoak guztira. Beraz ia urtea bete da jangeletako geldialdiak hasi zirenetik eta urte horretan, greba egin den 15 egunetan, 492 jangelek itxi dituzte ateak eta 85.000 ikasle baino gehiagok jasan dute neurriaren eragina.

Aldarrikapenak

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute greba honetan. Neurri hori hartzeko arrazoi nagusiak hezkuntza saileko eta azpikontratatutako enpresetako langileen artean dauden hainbat ezberdintasun izan dira.
Auzolagun enpresako LAB sindikatuko delegatua den Idurre Condek azaldu digunez, “Gipuzkoa, Araba eta Biakaian gatazka honetan zazpi enpresa gaude. Horietatik, Auzolagun enpresa sendoenetarikoa da: Gipuzkoako jangeletako langileen %40ak edo gehiagok enpresa honentzat lan egiten du”.
Idurrek azaldu digunez, egun egoera desblokeatzeko daude greban eta gutxienez zenbait eskaera kontuan hartzeko eskatzen dute: soldatak Jaurlaritzako langileen parekoak izatea; langile bakoitzak bere ardurapean haur gutxiago izatea; etengabeko formakuntza ikastaroak lan orduen barruan eta ordutegia luzatzea lana lanaldiaren barruan egin ahal izateko.
Idurrek adierazi digunez, “gu ez gaude honetan formatuak eta gure orduetatik kanpo gauza pila egiten ditugu, haurren sehaskak jarri, fruta zuritu, gurasoekin hitz egin, irakasleei informeak eman eta abar”.
Hori lortuz gero, lanean normal hasiko direla onartu du Idurrek: gero “sindikatuek hitzarmenari buruz hitz egingo dute” aipatu digu.

Negoziaketa

“Orain arte, enpresak ez du erantzun eta azkenean mugagabeko greba egitea erabaki zen, astean bitan lan uztea eginez. Eseri dira eta negoziaketa egutegia jarri dute behintzat” adierazi digu LABeko ordezkariak.
Eta azken orduko berriak ere jakinarazi dizkigu, “enpresak sindikatu guztiak bildu baitzituen asteartean eta mahai gainean haien proposamena jarri zuen, lan orduak hamaseitik hogeita bira luzatu, formakuntza izatea eta 2010-2011tik aurrera soldataren parekatzea %100ean”.
Idurrek azaldu digunez, horiek ziren eskaera garrantzitsuenak langileentzat, izan ere, “haur kopuruarena ez da enpresaren menpe dagoen gauza, Eusko Jaurlaritzaren ardura baizik.”
“Orain asanbladak egingo dira eta langileek zer egin erabakiko dute,” adierazi digu.

Herrian ikastetxe bakarra

Lasarte-Orian lan uzteak Sasoeta-Zumaburuko ikastetxeko jangelan du eragina bakarrik.
Honetan, Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko txikiek gutxieneko zerbitzua izan dute gatazka hasi zenetik eta, martxoaren hasieratik, 4 eta 5 urteko haurrek eta garraioan doazen Lehen Hezkuntzako ikasleek ere bai. Beraz, Idurrek azaldu digunez soilik “Lehen Hezkuntzako 60 bat haur dira greba egunotan etortzen ez direnak”.

Guraso elkartea

Sasoeta-Zumaburuko Burunzpe Guraso Elkarteko kide diren Jose Ignacio Mendiluce eta Ikerne Etxeberriak azaldu digutenez “Lehen Hezkuntzako gurasoek hasieran lagunekin edo aiton amonekin uzten zituzten haurrak bazkaltzerako orduan”.
“2009. urteko maiatzean hasi ziren, hilabetean bitan egiten zituzten lan uzteak eta horrek ondoriorik ez zuela ikusirik astean bi egunetan hasi ziren. Orduan, gutxieneko zerbitzuek adin tarte handiagoa eta garraioa erabiltzen zuten haurrak kontuan izateko eskatu genuen eta geroztik hamabost egun hauetan ez dugu arazo handirik izan,” azaldu digute.
“Izan ere, arazo gehiena autobuseko haurrek zuten. Batzuk Antxisu bailaran bizi dira eta ez du etxera joan etorria egiteko denborarik ematen. Hezkuntzak autobusa kendu zuenetik, are gutxiago, kotxerik ez baduzu behintzat” salatu dute.

Erantzukizuna

“Badakigu arazoa enpresa eta langileen artekoa dela, baina gure ustez Jaurlaritzak ere bere esku dagoena egin beharko luke. Horregatik, sinadurak bildu ditugu delegaritzara bidaltzeko,” adierazi digute Guraso Elkarteko kideek.
Gurasoen ordezkarien ustez, grebaren azken egunak izango dira aste honetakoak: “Gu langileen alde gaude, gainera, gure haurren onerako izango da” adierazi digute.