Azken urtean gure gizartean ematen ari den lan suntsipenaren aurka agertzeko Usurbildik Hernanirako martxa antolatu dute. Langileriak eta lan esparruak bizi duen gainbehera salatuz Buruntzaldea zeharkatu dute LAB-ekoek.
Gure eskualdea egoera larrian dagoela salatu nahi izan dute eta hori hobeto ulertzeko Lasarte-Oriako langabezi tasak ezagutara eman dituzte. 2008ko uztailean 720 langabetu izatetik, otsailean 1329 izatera pasa gara, urte eta erdian kopurua ia bikoiztuz. Egun, gure herrian langabetu kopurua tasa ehuneko 15ekoa da. Kopuru handia eta larritzekoa.
Bihar Manifestazioa
Gure giza eta lan eskubideetan murrizketa gehiagorik egon ez dadin eskatuz eta erreformen aurrean, langileok eredu berri baten alde egiteko apustua egin dezagun aldarrikatuz, bihar, martxoaren 27an manifestatzeko deia luzatu dute. ELA-LAB-ESK-STEE/EILAS-EHNE-HIRU sindikatuak deituta Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak antolatu dira.
Donostian arratsaldeko 17:30etan Bulebarretik irtengo da.