27 Ferreira eta zakurra txapeldun ehizan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 27a

Buruntz-Azpi elkarteak martxoaren 27an Buruntza mendian antolatu zuen zakurraren laguntzaz egindako Ehiza Xehe Txapelketan Jesus Ferreira izan zen irabazlea. Zazpi eper ehizatu zituen txapeldunak, lau aldiz, Juan Antonio Matxain eta Luis Sanchez, bigarren eta hirugarrenak. Guztira 18 ehiztarik hartu zuten parte.

Goiz guztia, goizeko 8:30ak eta 13:00ak, bitartean izan zuten Buruntz-Azpi Elkarteak antolatutako ehiza txapelketan parte hartu zuten 18 ehiztariek Buruntza mendian askatu zituzten eperrak ehizatzeko. Guztira 52 askatu zituzten eta erdiak baino gutxiago harrapatu zituzten, 21 eper.
Jesus Ferreira irabazleak, bere zakurraren laguntzarekin, zazpi eper ehizatu zituen, Juan Antonio Matxain bigarrenak lau eper bota zituen eta Luis Sanchez hirugarrenak ere beste lau.
Beteranoen artean onena, ia urtero saria eskuratzen duen Antonio Carrasco izan zen: aurten eper bakarra eraman zuen eguerdian elkartera eta hasiberrien artean, Ioritz Gonzalez jubenila izan zen onena. Honek bi eper ehizatu zituen.
Txapelketari amaiera bikaina eman zioten eguerdian Buruntz-Azpi elkartean. Proban parte hartu zuten ehiztari guztiek elkarrekin bazkaldu zuten. Patatak Errioxako erara eta bildotsa labean erreta janda indarberritu ziren eta goizean botatako izerdiak ahaztu zituzten.