Plazaola parkea irudikatzen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 29a

Udalak Lasarte-Oriako "birika" bihurtu nahi duen Plazaola parkea nolakoa izango den aztertzeko eta erabakitzeko aukera eman die Udalak herritarrei, Kudeatuz parte-hartze egitasmoari esker, baina ostegunean egin zen bigarren bileran ere parkea jarriko den eremuan jabetzak dituzten herritarren iritzi kritikoak gehiago izan ziren, parke berriari buruzko ekarpen, proposamen, ideia edo iradokizunak baino. Udalak jakinarazi du, parkea hartuko duen lur zatiaren %92a hitzartuta daukala eta %8a soilik duela eskuratzeko. Hauekin adostasunik ez bada, espropiazio edo dejabetzen bidea hartuko du Udalak.

Iñaki Mugica Udaleko hirigintza batzordeko arduradunak, eta arlo honetako zenbait Udal teknikarik, eman zituzten Plazaola Parke berriari buruzko azalpenak, aurreko ostegunean Kultur Etxean egin zen bileran. Kudeatuz, herritarren parte hartzea bultzatu asmoz martxan jarri den egitasmoaren bigarren bilera horretan 50 bat herritarrek parte hartu zuten, baina parke berriari buruzko ekarpenak egitera joandako herritarrak baino gehiago ziren eremu horretan jabetzak dituztelako informazio bila eta euren iritzia ematera joan zirenak.
Dena den, Udaleko ordezkariek zein Kudeatuz dinamizatzen ari den Aztiker enpresako bi dinamizatzaileek behin eta berriro azaldu behar izan zuten ez zela hori horretarako tokia, hau da, kasu konkretu eta partikularrak jorratu nahi badituzte bakarka eta zuzenean Udalarekin hartu-emanetan jarri beharko dutela.
Hala ere, Udaleko ordezkariek argi eta garbi utzi zuten, 211.000 metro karratuko eremu horretako lur guztiak erosiko dituela Udalak, harremanetan jarriko direla jabeekin eta adostasunik ez den kasuetan nahitaezko desjabetzearen bidera joko dutela. Gainera, jada lurren %92a erosita edo hitzartuta dutela jakinarazi zuten, hau da, 212.000 metrotik 17.000 direla oraindik eskuratzeko dituztenak.

Hainbat proposamen

Iñaki Mugicak azaldu zuenez, Plazaolako parkeko proiektua egokia iruditu zitzaien herritarrei parte hartzeko aukera emateko oraindik finkatu gabe dagoen egitasmoa delako.
Beraz Udalaren asmoa herritarren iritzia jasotzea da gero parkea egiterakoan kontutan izateko. Lehen bileretan herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dute eta laster egingo den hirugarrenean ideia guztien artean egokienak aukeratuko dira.
Lehen bilera hauetan hainbat aukeretaz aritu dira, besteak beste: Oinezkoen bide eta bidegorriak, aisialdi eta jolas gunea, atseden lekua barbakoa, mahai, jarleku eta komunekin edota bost pulgadatako zirkuitua jartzea, errekatxoari bizitza eman eta bazterrak txukuntzea, iturriak berreskuratzea, San Franciscotik sarrera irekitzea, parkean Lasarteko historia azaltzea,...
Osteguneko bileran ingurumen teknikariak Parkea jarriko den eremuaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen. Parkearen bizkarrezurra Oztaran errekatxoa izango da: landaretza mantendu duen zatia zaindu eta galdu duena errekuperatzeko asmoa dago. Gainera oinezko eta txirrindularientzat bideak jarriko dira eta saiatuko dira Urnietako lurretan den tunel baten oztopoa gaindituz Andoaingo ibilbidearekin lotzen, horrela Lekunberrira eta Tolosara doazen bideekin lotuko baita.

Lur denak erosiko dira

Plazaolako irudi eta planoak eta Andoaingo Leizaran inguruko irudiak ere erakutsi zituzten ostegunean, gutxi gorabehera Lasarteko parkea zer izan daitekeen irudikatzeko. Dena den Andoainen lurrak erabilera pribatua dute, ez da parkea, ibilbidea baizik. Galdera interesgarri bat egin zuen herritar batek bileran, ia ez zen posible izango Lasarte-Orian parkearen zati gehiena publikoa baina eremuko lur batzuek pribatuak izatea eta udal ordezkarien erantzuna ezezko borobila izan zen.
Lasarte-Orian sail osoa Udalarena izango da eta herritarrentzat egokituko da. Lasarteoriatarrek nolako parkea nahi duten aukeratzeko modua eta erakargarria izan dadin nahi duten gauzak gehitzeko aukera dute oraindik.