Aberri Egun bateratua egiteko deia

Txintxarri Aldizkaria 2010ko mar. 29a, 02:00

Independentziaren lagunek Aberri Egunean balkoietan ikurriñak jartzeko eta kalera ateratzeko gonbidapena luzatu dute. Euskal Herriko osoko independentistak Irun eta Hendaian elkartuko dira apirilaren 4ean. Bertan aldarrikapenek eta ospakizunak bat egingo dute.

Lasarte-Orian Independentziaren alde ari diren lagunek herritar guztiei gonbidapena luzatu diete apirilaren 4an Aberri Eguna ospatu dezaten: "Aspaldiko partez, ospakizun eta aldarrikapen egun bateratu bat egiteko parada izango dugu Euskal Herri osoko independentistok. "Independentistak" sarearen eskutik etorri zaigu 2010eko Aberri Egunean kalera ateratzeko gonbitea".
Independientziaren aldeko lagunek jakinarazi dutenez, "independentzia eta demokrazia ardatz harturik" "Independentistak" izena hartu duen sarea egungo dinamika politiko antzuak iraultzeko prest agertu da. Beraz, herriko independentista guztiei deia luzatu diete sare honi babesa eman, zenbait ekimenetean parte hartu eta apirilaren 4an Irun eta Hendaian egingo diren ospakizunetara joateko.
Goizeko 11.30etan bi martxa abiatuko dira Irungo Txanaleta plazatik eta Hendaiako Gazeluzar frontoitik, bi zutabeak Santiago zubian elkartuko dira eta elkarrekin egingo dute Ficobaraino bidea.
Independentistek aukera ezberdinak dituzte, Aberri Egun Bateratuarekiko eta Independentistak sareak argitara emandako "ari gara" aldarrikapenarekiko atxekimenduak adierazi daitezke, eta apirilaren 4an Aberri Egunean parte hartu: balkoietan ikurriñak jarriz edota Irun-Hendaiara joanaz.
"Ari Gara" ekimenaren idatzian aldarrikatzen da Independentzia dela "Euskal Herriarentzako aukerarik onena": "Gure naziotasuna, gure hizkuntza, gure kultura, gure ekonomia, gure jendartearen aurrerapena eta ingurumenarekiko oreka bermatzeko biderik zuzenena delako, gure herriko bazter guztietara hedatuko dugu independentziaren aldeko aldarrikapena.