“Egunerokotasunean bizi dira; eguneko elikadurak lortzeko egiten dute lan”

Nerea Eizagirre 2010eko martxoaren 29a

Ikasketak bukatu eta praktikak egin behar, batzuk bertan egiten dituzte, besteak Europa edo Ameriketara doaz. Horietakoak dira Larraitz Sarobe eta Rakel Montoya. Dominikar Errepublikan egin dituzte Magisteritzako praktikak. Lau hilabetez egon ziren han eta eskolaz emateaz gain, bestelako lanak ere egin zituzten. Biekin bildu gara praktiketako epe horri buruz gehiago jakiteko.

Zergatik erabaki zenuten Dominikar Errepublikara joatea praktikak egitera?
L- Hizkuntzarengatik izan zen batez ere. Unibertsitatean praktikak Dominikar Errepublikan egin genitzakeela jakin eta argazkiak ikusitakoan argi genuen hara joan nahi genuela.

Noren bitartez joan zarete?
L-Euskal Herriko Unibertsitatea eta Haurralde GKEaren bidez, hango GKE batekin, Mosctha GKEarekin elkarlanean dago eta han egin genuen lan.
Haurraldek eskolara joaten diren haurrekin besoetako egite programa dauka, Hato Viejo II-ko "Las hormiguitas" eskolan egoten ginen, klaseak ematen.
Bestalde, han biak bakarrik ginen. Denboraldika dago jendea, aukeratzeko aukera baitago, irailetik abendura edo urtarriletik aurrera. Honela, urtarrilean beste bi neska joan ziren.
Beste batzuk, aurretik han egondakoak, bere kabuz joaten dira eta honela batzuetan jende gehiago dago.
Dominikar Errepublikako zein eremura joan zarete?
L- Santo Domingotik nahiko gertu ginen, baina Haititik etorritako jendeak sortutako herrixka da.
Etorritako haitiarren ondorengoak dira, baina haiek ezetz zioten.
Landa eremua zen, Nafarroaren antzekoa. Gobernuak barrakoiak jarri zituen jendea han bizi, azukre-kanaberak landu eta azukrea lortzeko. Familiak han finkatu dira eta etxeak egin dituzte.
Jende heldua oraindik horretatik bizi da, baina gure adineko jendeak beste gauza batzuetan egiten zuen lan.

Hango egoera zein da?
R- Ez dira gu bezala bizitzen, baina ez da eremu txiroa. Denek daukate egunero bazkaltzeko, arroza edo...
L- Beti arroza zerbaitekin, baina arroza.
Egunerokotasunean bizi dira; eguneko elikadurak lortzeko egiten dute lan.
Baina gaixotasunik sortzen bada, haurrek parasitoak izaten dituzte sarri, hilabeteko egunaren arabera, agian familiak ez du dirurik medikamentuak erosteko.
Han hilaren hasieran eta hamabostean kobratzen da eta haurra hamaikan gaizki jartzen bada, hamabostera arte itxaron behar dute.

Dominikar eta haitiarren arteko harremana txarra dela diote...
L- Beti izan dute herrialdeen arteko arazoa hori.
Dominikarrek orokorrean ez dute ongi hitz egiten haitiarrei buruz.
Batey-an bertan zerbait gertatzen zenean, porque tu eres haitiano, baina azkenean guztiak dira haitiarren ondorengoak.
Han ez da hemen bezala, zu hemen jaio eta hemengoa zara, han zure gurasoak dominikarrak izan behar dute horretarako, askok lortu dute.
Gainera, guk batey-an bizi ginela esaten genuenean, zuek landatarrak zarete esaten ziguten. Guk ez genuen ulertzen.

Harrera ona izan al zenuten?
L- Asko zaindu ziguten hasieratik. Erosketak egiten lagundu ziguten eta zerekin kontuz ibili behar ginen esaten ziguten
R- Oso babestuak ginen. Esate baterako, autobusa hartzeko laguntza genuen. Goiz zenez eta ilun zegoenez etxera etorri eta autobusera joaten laguntzen gintuzten.
Gauetan zerbait entzunez gero edonori deitzeko esan ziguten eta etxean sartu baino lehen inguruari buelta bat ematea gomendatu.
Babes handia beraz...
L- Ez zaigu ezer gertatu. Baina kanpokoak garenez, ez dute guri ezer gertatzea nahi.
R- Gainera, jendeak pentsatzen du zuriak izateagatik zerbait daukagula etxean. Badaezpadakoa zen guztia.
L- Ez zaigu ezer gertatu eta ez zaio inori ezer gertatu.
R- Baina han gauza pila gertatzen dira. Egunero.
L- Hemen ere gertatzen direnak, noski. Non bizi ginen ez esateko gomendatu ziguten. Hala ere, jendeak bazekien non bizi ginen.
Ondoko herrikoek bazekiten, ez zekiten ze etxetan baina eremua bazekiten.

Eta nola joan dira praktikak?
R- Gure gelan 40 haur, banatu genituen, egon ginen haur txikiekin, ohiturak eta fitxak lantzen genituen. Bukaeran nabaritzen zen.
L- Hasieran, irailean, hemen bezala gertatzen da.
Hango umeak hiru edo lau urtera arte ez doaz ikastolara.
Baina batey-etik, herrixkatik, bakarrik ibiltzen dira, txikitatik, ibiltzen ikasten dutenetik.
Eskolan hasi eta ohitura batzuk ikastea, lurrean eserita egotea, fitxak egitea... hasieran, kaosa zen eta haien atzetik ibili behar ginen.
Gu hemendik ideia pila eman genituen, baina hara iritsi eta posible ez zela ikusi genuen.
Batzuk gustura zeuden eta bukaeran oso ondo egoten ziren gelan.
Azkenean, abestia sortu genuen hizkiak ikasteko eta gustatzen zitzaien, protagonismoa ere ematen zielako.
Ezin gara hara joan eta hemengo metodologiarekin lan egiten saiatu, zeren eta han irakasleak geratzen dira eta ez dakite zer den, beraz hangora moldatu behar zara.

Lehen aipatu duzue, umeak txikitatik bakarrik ibiltzen direla...
R- Batey-a hemengo herri txiki baten antzekoa da eta ez da kotxerik ibiltzen, segurua da eta horregatik dabiltza bakarrik.
Gainera, gurasoek ez dute hemen duten pentsakera, haurrak ez dira lehentasuna, ez daude gainean. Bere modura zaintzen dituzte.
L- Ez da hemen bezala, nire umeak ezin du parketik atera. Seguru sentitzen dira batey-an ezer gertatuko ez zaielako.
Esate baterako, batey-ko Katanga zatian, Zubietako bidearen antzeko errepidea dago parkearen ondoan, eta orduan bakarrik entzuten genien haurrei kontuz ibiltzeko esaten zietela.
R- Haurrak oso azkarrak dira, gainera.
L- Kalean ibiltzen dira eta bertan hezten dira. Ez da indartsuaren legea, baina beharragatik ikasten dute.

Irakasle lanak egin dituzue soilik?
R- Bi haur txikiekin ospitalean egon ginen, batak hernia zuen sabelean eta bestea zazpi hilabeterekin jaio eta arazoak zituen. Hori, guk nahi genuelako egin genuen.
L- Egunero, txandakatuz bietako bat joaten zen ospitalera. Ospitalean bat eta eskolan bestea.
Hasieran ere, pertsona heldu batekin joaten ginen ospitalera. Itsua zen eta probak egin eta operatu behar zuten.
Gu etorri baino lehen, operazioaren ostean, begi batetik zerbait ikusten zuen eta bestea operatzeko zuen.
R- Eskolan ere hamalau urteko neskato bat genuen, ez dakigu zer zuen..
L- Behar bereziak zituen, medikura joan behar zuen GKEarekin baina...
R- Eskolara etorri eta gaizki jartzen zen, berarekin pasatzen genuen arratsaldea, etxera eramaten genuen.
Eta, bestela, haurrekin egoten ginen.
L- 24 orduak egiten genituen haiekin. Etxera etortzen ziren eskola ostean eta eskolan baino hobeto portatzen ziren.
Ospitalea aipatu duzuela, gertu al zegoen zuen herritik?
R- Berez, herria gertu dago. Kotxe normal batekin eta bidea egoera onean egon balitz, 40 minutu. Baina autobusa hartzen genuen, eta ze autobus!
L- Santo Domingotik gertu dago batey-a, bi ordu edo ordu eta erdira.
Autobusak ez dauzka hemen bezala geltokiak. Errepide ertzean jarri eta keinua egin behar diozu geratzeko. Eta berandu bazoaz eta ikusten bazaitu, autobusak atzera egiten du eta itxaroten zaitu. Beraz, motel doa.
R- Hernia zeukan haurrarekin sarri joaten ginen ospitalera.
Beraz, goizeko 4:00etan esnatu behar ginen, 5:00etan autobusa hartu eta 7:15ak aldera ospitalean egoteko.
L- Goizetan ez zegoen jenderik, baina arratsaldetan, ataskoa, jendea, beroa...
Eskolaz gain, zein zerbitzu gehiago eskaintzen dizkie GKEak?
L- Hamabostaldian behin anbulantzia eramaten zuen emakumeak aztertzeko.
Beste batey batzuetan ere lan egiten zuen erakundeak eta haietan behar gehiago zeuden.
Gu kapitaletik gertu ginen eta herriko jendeak erraztasun gehiago zituen bertar joaeko.

Zein desberdintasun aurkitu dituzue?
L- Bizitzeko modua erabat desberdina da. Etorkizunari begiratuko dute ziurrenik, baina esan bezala, gehienbat egunekoa egiten dute. Gaur hau daukat eta bihar ba ikusiko da.
Lan iraunkorra baduzu agian, baina han “viva la vida loca” dira.
R- Haien pentsakera horrelakoa da.

Dominikar Errepublika ezagutzeko aukera izan al duzue?
L- Guk planak egiten genituen, asteburu honetan hau egingo dugu, baina haurra gaixo jarri eta haurrarekin egoten ginen.
Jendeak leku asko ezagutu al ditugun galdetzen digute eta guk gutxi batzuk besterik ez ditugu ikusi asteburuetan haurrekin egoten ginelako.
Bestelako planak egiten genituen. Esate baterako, ondoko herria joaten ginen, nahiko turista zelako eta oso ondo pasatzen genuen.
Honetaz gain, beste batey batera joan ginen bisitan eta 300 peso ordaindu genituen, hemengo 6 euro, baina bertakoentzat diru asko dena.

Dominikar Errepublikako turismo lekuak dira hemen ezaguna, horien eta beste eremuen artean dagoen desberdintasuna nolako da?
R- Oso handia, turismoko herrixkak hemengoen antzekoak dira
L- Tabernak, Interneta duten lokutorioak, hotelak, jatetxe italiarrak... Esate baterako, italianoz betetako herria zen batey ondoan zegoena.
Pisuak zituzten etxeak zeuden, bi edo hiru pisukoak.
R- Batey-a, aldiz, mendian dago eta etxebizitzak barrakoiak dira.
L- Etxe txikiak dira, pisu batekoak. Eta herrian “colmao”-a dute. Hau taberna da, baina denetatik saltzen dute. Lehen hemen janari-denden zena.

Ekaitza tropikalik izan al da bertan zinetela?
L- Denboraldia zen, baina ez genuen horrelako ezer bizi.
R- Guztiek esaten ziguten, “iraila edo urrian euria egingo du eta ibaia handituko da. Errepidea moztuko du eta igeri egitera joango gara.”
L- Ezingo zarete ondoko herrira joan botak kendu gabe...
Dominikar Errepublikara bueltatzeko asmorik ba al duzue?
L- Bai, noski. Abuztuan hilabete osoa bertan egingo dugu. Gogo handia dugu.