“Bertso Konposta” interesgarria

jon-altuna 2010eko martxoaren 29a

Jende mordoxka bildu zen ostiralean Kultur Etxean errausketaren aurka eta atez ateko bilketaren alde Andoni Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Zelaia, Josu Oiartzabal eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek eskaini zuten saioan. Asier Aspiroz bertsolari gaztearen gaiei erantzunez beraien iritzia eskaini zuten inguruko sei herritako ordezkari izan ziren sei bertsolarik. Erraustegiaren aurkako plataformek antolatu zuen bertso-saioa arina eta “garbia” izan zen.

Bertsolari bakoitza bizi den herriko alkatearen paperean jarri zituen hasteko Asier Aspiroz gai jartzaileak, bakoitzak bere herrian zaborren kudeaketari buruz duen jokabidea azaldu zezan eta ordutik aurrera Andoni Otamendi lasarteoriatarrak, Jesus M. Zaballos alkate gaztearen ahotik kantatu zuen behin baino gehiagotan.

Sei bertsolariak Zubietako erraustegiaren eragina jasango duten herrietan bizi dira eta sentimenduz jositako iritziak plazaratu zituzten. Gaztelumendi Odon Elorza izan zen, Alaia Martin Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatea, Iñaki Zelaia, Marian Beitialarrangoitia Hernanikoa, Josu Oiartzabak Usurbilen bizi denez, Xabier Mikel Rekondo eta Iñaki Gurrutxaga Jon Redondo Orioko alkatea.
Ez zen jende asko bildu Zubietan eraiki nahi duten Erraustegiaren aurka dauden plataformek antolatutako saioan baina Kultur Etxean elkartu ziren 60 lagun inguruk ondo pasa zuten bertsolarien ateraldiekin. Denetariko gaiak izan ziren baina bizpahiru aldiz kantatu behar izan zuten zaborraren inguruan.
Unai Gurrutxaga zabor biltzailea izan zen eta bakoitzak zein zabor botatzen zuen kontatu behar izan zuen, esaterako Beñat Gaztelumendiren ehundaka amodiozko karta, erdi gaixo zebilen Alaia Martinen botika potoak, edota Andoni Otamendik lehen kondoiak eta orain umeen paketeak.
Une batean Atez ateko bilketaren aldeko propaganda egitera ikusleen artera jaisteko agindu zien Asier Aspirozek Josu Oiartzabal, Iñaki Gurrutxaga eta Alaia Martin-i eta hauek slogan eta slogan artean, gaiaren inguruko bertso paperak banatu zituzten jende artean. Ondoren Andoni Otamendik ikusleen laguntzarekin abestu zituen Juana Bixenta Olabe doinuan egindako lau bertsoak.

Bertso paperak

Errausgailua, errepideak, txikizioak, zentzurik gabeak. Agintari jaunen erasoak, bota, txikitu, mendi basoak. Hauei Andatza, gutxi ardura zaiela antza, aurrerapena, horretan datza.
Egun maitatzen, al da natura? Izan beharko luke denon ardura. Galdua ote dugu zentzuna? Galdu nahi al dugu osasuna? Era eroan, besteen lanaren esperoan, pentsatu gabe gure geroan.
Berrerabili, erreziklatu, norberak zaborra ondo sailkatu. Egoki erabili ontzia, koloreak badu garrantzia. Zaborrak zero, arduraz lana eginez gero, erre beharrik ez dago gero.
Epe motzean hor da Oiartzun, Usurbilek badu hainbat oihartzun. Prestatua daukagu Hernani, Urnietan ere hala komeni. Eta Lasarte, ezin geratuko da aparte, herririk herri, aterik ate.
Agurrean ere argi geratu zen bertsolarien jarrera. Esaterako Iñaki Zelaiak zera bota zuen, gutxi gorabehera, “Ez da dudarik erreziklatzen, aritu gara gustora, papera alde batera eta, plastikoa beste txokora, organikoa konpostarako egin ezazue froga, eta hala ere, agertzen bada, tximinia bat hor gora, behintzat zuen kontzientzia, lasai lasai egongo da.