Gurutze Gorria hurbiletik ezagutzeko aukera

Txintxarri Aldizkaria 2010eko martxoaren 29a

Gurutze Gorri erakundeak beraien lana ezagutzera emateko Gurutze Gorriaren astea antolatu du Lasarte-Orian. Astean zehar hainbat jarduera antolatu dituzte; erakusketak edota tailerrak, baina ekintza interesgarrienak asteburuan izan ditugu ikusgai. Euren materiala eta ibilgailuak hurbiletik ezagutzeaz gain, atzo istripu batean jarraitzen dituzten pautak eta egin beharrekoak azaldu eta erakutsi zituzten Andatza plazan.

Jende ugari bildu zen Andatza Plazan Gurutze Gorriak irudikatutako simulakroa ikusteko eta Gurutze Gorrikoek burutzen dituzten ekintzak hurbiletik ezagutzeko. Eguerdiko 12:00etan errepide arrunt batean gerta daitekeen istripu irudikatu eta erakutsi zuten. Zorionez! istripu baten irudikapena baino ez zen.
Ezarritako seguritateko kordelaren inguruan bilduta izan ziren ikusleak simulakroak iraun zuen bitartean. Gainera, Gurutzeko Gorriko kide batek bertaratutakoei, ikusten zutenaz gain, argibideak eman zizkien momentu orotan profesional hauek burutzen ari ziren lana ondo ulertu zezaten.
Hau ez da asteburuan egin duten jarduera bakarra. Larunbatean Andatza Plazara hurbildu zirenek larrialdietan erabiltzen diren material eta ibilgailuak hurbiletik ikusteko aukera izan zuten. Baina ez bakarrik hori, ostiral arratsaldean erreskate materialak ezagutzeko eta laguntzeko erabiltzen dituzten ibilgailuetan murgiltzeko aukera luzatu zieten lasarteoriatarrei.
Astean zehar erakusketa ezberdinak jarri dituzte Andatzan, baita umeentzako jolasak ere. Asteartean adibidez, ura harriekin eta lokatzarekin nola iragazi daitekeen erakutsi zuten. Honetaz gain, Gurutze Gorriko lana irudikatzen zituzten argazkiak ikusgai egon dira aste osoan zehar karpan .
Aste honi esker, Gurutze Gorriak jorratzen duen lana hobeto ezagutzen dugu orain.