Garikoitz Lasaren Su Laztanak

Txintxarri 2010eko martxoaren 31

Hilabete aldaketekin batera, Jalgik erakusketa berria ekartzen digu. Oraingo honetan Garikoitz Lasaren Su Laztanak lanak ikusgai egongo dira bihartik aurrera. Hilabete osoan zehar, Lasak zuraren gainean egindako pirografia-lanetan bustitzeko aukera izango dugu. Donostiako artisau honek, batik bat pilota-jokorako paletan, edota egurrezko beste zenbait euskarrietan egin ohi izan du lan.
Enkarguz agindutako motiboak pirografiatzen ditu, nahi diren izen, data edo testuak, hainbat irudirekin batera: erretratuak, abizenak, armarriak, lauburuak, baserriak, Donostiako Haizeen Orrazia, Euskal Herriko mapa, estelak eta abar. Zintzilikarioak ere egiten ditu zureko puska txikietan.
Lasaren lana ikusteak benetan pena merezi du, hilabete oso bat daukazu bere obran murgiltzeko. Ez galdu aukera, eta pasa zaitez Jalgi Kafe Antzokitik.

Espektroak

Bihar erakusketa berria jarriko badute Jalgin, gaur azken eguna du Alvaro Ledesmaren Espektroak izeneko margoen erakusketa. Errenteriako artista honek 2007an egindako lanak izan ditu martxoan zehar erakusgai Jalgin. Gaur duzute ikusteko azken aukera.