02 Aste Santua fedez bizi zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 2a

Aste Santua igaro da. Batzuk herritik kanpo, besteak herrian bertan. Oporrak dira batzuentzat, baina ezin da ahaztu egun hauek duten esanahia.
Ostegun Santuko Meza Nagusiek Jesusek apostoluekin ospaturiko azken afaria ekartzen digu gogora; Ostiral Santu egunean berriz Jesusen pasioa, larunbat gauean eta Pazko igandean Jesusen berpizkundearengatik otoitz egiten da.
Izan ere, Lasarte-Oriako herritarrek fedez bizi izan dituzte hain egun seinalatuak.
Eta horren adibide, San Pedroko parrokian, Arantzazuko Amaren parrokian eta Brigitarren komentuan antolatu diren elizkizun eta Gurutze bideetan herritar ugari bildu direla da.

Gurutze bideak

Ostegun Santuan euria egin bazuen ere, ostiralean atertu eta gure herrian ohitura handikoak diren Kalbario bideko eta Azkorteko Gurutze bideak egin zituzten fededunek.
Giro ederra izan zuten beraz, eliztarrek Gurutze bidean Jesusek bizitakoa gogora ekartzeko.
Goiztiarrenak, San Pedro parrokiko ehun bat fededun izan ziren.
Goizeko 8:00etan Kalbario bidea egin zuten, Xabier Andonegi parrokoaren laguntzaz, eta bideko gurutze bakoitzean Pasioaren pasarte bat irakurri zuten.
Bi ordu, beranduago Arantzazuko Ama elizako eliztarrek Azkorterako bidea egin zuten, Juan Luis Murua apaizaren laguntzaz. Azken pasartea, ermitan bertan irakurri zutelarik.
Baina ez ziren hauek izan bakarrak. Ama Brijitarren komentuan ere Gurutze bidea egin baitzuten kaperan bertan. Xabier Andonegi parrokoak gidatuta egin zuten ospakizuna.