Ane Labakak, Hernandorena Sariko finalean abestuko du

Txintxarri Aldizkaria 2010ko api. 7a, 02:00

Ane Labaka txukun ari da bertsotan negu parteko sariketetan. Algortako Abra sarian txapeldun ordea izan zen Jone Uriaren atzetik eta ondoren Hernandorena sariaren finalean sartu da. Bertsolari gazteen sariketa honen kanporaketa gainditu eta bihar 19:30etatik aurrera Muskildiko Posonpesenean egingo den finalean abestuko du. Finala, bertso-afari formatoan egingo da eta Ane Labakarekin, Maiana Hirigoien, Izar Mendiguren, Eneritz Arzallus, Ximun Cazaubon eta Aimar Karrika bertsolari gazteek parte hartuko dute.

Iparraldeko Bertsularien lagunak elkarteak antolatzen du Hernandorena saria, Euskal Herri osoko lurralde ezberdinetako bertsolariak elkartu eta lehian jartzeko helburuarekin, "gurutzatu eta plazak eskaintzea dugu helburu" diote jada sariketa ezagun egin den honen antolatzaileek.
Bi kanporaketa eta finala, hiru saio dira Iparraldeko hiru lurraldetan, Xuberoan, Lapurdin eta Baxe-Nafarroan, eta Euskal Herri osoko 12 gaztek hartu du parte.

Kanporaketan nagusi

Bertsolari gazteen arteko sariketa honetako bi kanporaketak jokatu dira jada, Larresoron eta Donibane Garazin; bakoitzean sei bertsolarik kantatu dute eta bi irabazleekin batera puntuazioaren arabera beste lau bertsolari pasatu dira Muskildiko finalera.
Ane Labakak lehenengoan kantatu zuen martxoaren 13an eta bera nagusitu zen. Saio hartan Aimar Karrika, Ximun Cazaubon eta Eneritz Arzallusek ere lortu zuten finalerako txartela.
Martxoaren 27an Donibane Garazin egin zen saiotik Maiana Irigoien eta Izar Mendiguren sailkatu dira. Beraz ikusten denez Ane Labaka izango da gazteen artean horren erakargarri den sari hau irabazteko faboritoetako bat.
Hernandorena, bertsolari gazteen sariaren finala esan bezala Muskildin izango da "Posonpesenean", bihar, apirilaren 10ean afari baten inguruan. Hitzordua arratsaldeko 19:30ean da aperitifarekin eta ondoren 20:00etatik aurrera hasiko da bertso afaria. Txartelek 17 euro balio dute.
Kantatuko duten bertsolariak esan bezala Ane Labaka, Maiana Hirigoien, Izar Mendiguren, Eneritz Arzallus, Ximun Cazaubon eta Aimar Karrika izango dira, gai emailea Joanes Etxebarria eta epai mahaian Eneko Bidegain, Beñat Soule eta Joakin Arregi eseriko dira.