Intertzeptore orokorreko lanen bigarren fasea hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2010eko apirilaren 8a

Zumaburu eremuan, Lasarte-Oria eta Usurbil udalerrien saneamenduko intertzeptore orokorreko lanen bigarren fasea hasi da.
Zumaburu kalea Ola kalearekin elkartzen den tokitik Isla plazako lurpeko parkingeko ibilgailuen irteera arteko lanak bukatu ostean, kale horretan bertan, hurrengo eremuan hasi dira lanean.

Bigarren fasea

Fase honetan, Zumaburu kaleko Isla Plazako lurpeko aparkalekuko ibilgailuen irteeratik Arantzazuko Ama elizarainoko eremuan izango dute eragina lanek.
Dagoeneko kalearen zati horretan lanean dihardute eta fase berri hau, ekainaren 18an bukatzea aurreikusten da.

Zirkulazio aldaketak

Gauzak honela, Lasarte-Oriako Udalak jakitera ematen du, Zumaburuko eremuan aldaketak egongo direla.
Batetik, Zumaburu Kalera sartzeko Ola kalea erabiliko da eta Ola kalera bueltatzeko Ganbo kaletik igaro beharko da.
Bestalde, Isla Plazako lurpeko parkingeko erabiltzaileek sarrerako arrapalada soilik erabili ahalko dute. Hauen zirkulazioa antolatzeko, bi semaforo ipiniko dira, bata kanpoan eta bestea barruan.
Eta, aurreko fasearen antzera, Zumaburuko kalean aldi batez ezeztatuko diren aparkalekuen ordez, Ganbo kalearen alde banatan kotxeak uzteko eremuak prestatuko dira.

Proiektua

Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak sustatutako proiektua da hau. Garrantzi bereziko lana izango da udalerriarentzat, izan ere, Loiolako araztegiarekin konektatuko baita gure sameamendu-sarea.
Ondorioz, ez da Oria ibaira isurketarik egingo eta ibaiaren kalitatea eta haren ingurunea hobetuko dela aurreikusten da.
Herritarrei ahalik eta gutxiena jasanarazteko eta irtenbideak emateko, lau fase desberdinetan banatu da proiektua.
Era berean, alkatetzak barkamena eskatu nahi du sortu daitezkeen eragozpenengatik eta bizilagunen laguntza izango dutelakoan daude.