Fadoa eta euskal doinuak elkarkidetzen

Txintxarri Aldizkaria 2010ko api. 8a, 02:00

Euskal doinuak eraman zituen Alboka Abesbatzak Portugaleko Leiria eremura martxoko zubian egin zuen bidaian. Baina abesteaz gain, turismorako astia ere izan zuten eta Portugalgo hiriburua, Lisboa, Fatimako santutegia eta Batalhako monastegiak ezagutu zituzten.

Lasarte-Oriako Alboka abesbatzak Portugalera egin duen hiru egunetako bidaia elkartruke baten ondorioa da. “Alquedao da Serra herriko Calçada Romana abesbatza izan genuen herrian urrian eta orain gure txanda izan da,” azaldu digute abesbatzatik.
Abeslariak ez ezik, bazkideak ere joan dira bidaira. Guztira 41 pertsona. “Abesbatza eta bazkideen arteko harremanak sendotzeko aukera ematen dute horrelako bidaiek,” adierazi dute.

Bidaia

Lasarte-Oriako taldeak gauez egin zuen bidaia. Autobusez hamabi ordu egin ostean, Lisboara iritsi eta goizean, hiriko monumentu eta auzo esanguratsuenak erakutsi zien gida izan zuten, hala nola, Los Jeronimos, Belemgo dorrea, Santa Justako dorrea edo Avenida de la Libertade.
“Los Jeronimos bisitatu genuen eta bertan doinu sakro bat abestu genuen, turista asko geratu zen guri begira,” adierazi digute.
Arratsaldean, berriz, tranbian ibili, gaztelua edo Goiko auzoa bisitatu... hainbat kaleetan barrena ibili ziren Alboka abesbatzako kideak.
Hurrengo egunean, kontzertu eguna, goiz jaiki eta gotiko estilo desberdinak bateratzen dituen Batalhako monastegia bisitatu zuen taldeak.
Arratsaldean, berriz, Fatimara egin zuen taldeak, izan ere bertan hartu behar zuten ostatu. Eta nahiz eta denbora gutxi izan, ordu gutxi batzuetara kontzertua zuten, abesbatzako kide ugari Fatimako santutegira hurbildu ziren, “Cova da Iriara gerturatu eta Fatimako amabirjinari kandelak jarri.”

Kontzertua

Alqueidao da Serra herrixkan eskaini behar zuen herriko abesbatzak kontzertua.
Baina aurretik, Porto de Moseko alkateak eta zinegotziek taldeari ongi etorria egin zien haien lurraldera. “Izan ere, Alqueidao da Serra Porto de Mos eskualdeko herrixka txiki bat da. Harriaren industriatik bizi den herria da eta berezko alkaterik ez duena,” azaldu digute.
Kontzertuari dagokionez, harrera ona izan zutela aipatu digute Alboka Abesbatzako arduradunek. “Nahiz eta Alquedao da Serrako entzuleak folklore musikara ohituak egon, eliz musikako zatia ere gustuko izan zuten,” aipatu dute.
Lasarte-Oriako taldeak bi zatitan banatu zuen kontzertua. “Hasieran, agurra abestu eta abesbatzako kide batek dantzatu zuen. Ostean, eliz musika izan zen nagusi, hala nola, Griegen Ave Mari Stella edo Knut Nystedt konpositore norvegiarrak egindako J. S.Bachen Komm, süsser Tod-en bertsioa,” azaldu digute.
Folklorea izan zen nagusi bigarren zatian. “Euskal doinuak eta nazioartekoak abestu genituen. Esate baterako, Kaiku, Porrusalda edo Kitolis euskal abestiak eta Balaio meu bem eta Olha rosa amarela doinu brasildarrekin edo galegoz dagoen Lela abestiarekin nahastu genituen,” adierazi digute.
Ostean, afaria izan zuten Calçada Romana abesbatzako kide batzuekin batera.

Irakurketa ona

Eta bueltako bidaian ere, turismoa egiteko astia izan zuten.
“Aveiro herriko kanalen eremua ezagutzeko ordutxo bat izan genuen. Gero, berriro ere autobusera eta etxera,” azaldu digute.
“Guztiek abeslari, zein bazkideek ongi pasa dute eta zuzendariak ere, kontent daude kontzertuan egindako lanarekin” aipatu dute.