Urak duen garrantziaren berri badute jada Sasoetako ikasleek, ikasturte hasieratik ingurumenari buruzko bideoak ikusi dituzte eta. Bestalde, brigada berdea aukeratu dute: gela bakoitzeko bi ordezkari daude brigadan, gehienak zozketaz aukeratuak. Dena den Enara bere gelakoek proposatu eta aukeratu dute patruilako kide gisa, betidanik ingurumenarengatik begirune edo sentsibilitate berezia izan duelako. Beste geletan zozketaz aukeratu dituzte brigada berdeko ordezkariak, baina zintzo heldu diote ardurari eta gogoz ari dira lanean.
Ikastolaren azterketa
Patruilak egindako azterketa eta lanen berri ematen dute taldeko ordezkariek, bakoitzak, bere gelan. Ikastolaren egoeraren diagnostikoa egina du jada Brigadak: neurketak egin dituzte ikastolan bertan erabiltzen eta alperrik galtzen den urari buruz. Behin ondorioak atera eta gero, ikaskideen artean zabalduko ditu Brigadak berak, jokabide okerrak zuzendu eta ahalik eta ur gehiena aurrezteko. Brigadako kideek adierazi zigutenez, ikastolaren azpiegituratako batzuek ondo zeuden eta beste batzuek zuzendu behar direla ikusi zuten.
Bestalde, Lasarte-Orian pertsona bakoitzak eguneko zenbat ur kontsumitzen duen ere kalkulatu zuten eta asko dela uste dute. Kontsumo hori aztertzeko udalerriko datu errealak erabili zituzten.
Munduan uraren inguruan diren arazoei buruzko informazioa ere jaso dute bideo baten bidez: besteak beste urik ez dagoen tokietan arazoari aurre egiteko erabiltzen diren tekniken berri izan zuten.
Bosgarren eta seigarren mailako ordezkariek eman ziguten aurten egindakoaren berri. Ikastetxean egon ginen beraiekin eta interesgarria iruditzen zaie txikitatik ingurumena zaintzeko neurriak ezagutzea.
Aurten lehen aldiz
Tanit Perez irakasleak adierazi zigunez, ikastetxean lehen ere "egiten ziren ekintza puntuak batzuk", baina aurten serioski heldu diote gaiari. Era ezberdinetan burutzen da egitasmoa Tanitek adierazi digunez, "ikastetxearen diagnostikoa egina dute, gauzak nola dauden eta zer egin daitekeen ikusteko, eta ondoren dator ekintza plana. Aurreikusten dira irteera batzuk ere".
Tanit-en iritziz, oraindik hasi berriak badira ere eta ekintza gehiegi egin ez badute ere, ondo erantzun dute neska mutilek. "Jarrera ona daukate, eta ahal dutena egin dute". Konposta egiteko kutxa ere badaukate baratzean. Tanitek aurreratu digu, urtero gaiz aldatzeko asmoa duten arren, hurrengo ikasturtean segur aski gaia errepikatu egingo dela, uraren gaia hain interesgarri eta zabala izanik uste dutelako badagoela oraindik urari buruz zer landu eta jorratua.
Herri mailako egitasmoa
Lasarte-Oria mailan Artelatz ingurumen zerbitzuak dinamizatuko du Eskola Agenda 21 egitasmoa. Herrian gero eta jokabide garbiagoak bultzatzeko Lasarte-Oriako bi ikastetxetako haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako umeekin ari dira lanean Eskolako Agenda 21 programaren bidez.
Herri mailan, aurten jarri da martxan programa eta ikasturte honetan guztira 684 ikaslek parte hartuko dute euren irakasleekin batera. Iaz Landaberri ikastolak zaborraren gaia jorratu bazuen, aurten Ura izango da gaia. Beraz Uraren kudeaketa aztertu dute, ikastetxean eta herrian, diagnostikoa ahalik eta zuzenena egin ahal izateko.
Geroago aterako dituzte ondorioak, batetik eurei dagokien mailan konpromiso batzuk hartzeko eta bestalde "ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkiote Udalari, ikasturte bukaeran Alkatearekin burutuko den entzunaldian".
Txikitatik lanean
Proiektuaren arduradunen iritziz, helburua, ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura egokiak herrian eta eskolan zabaltzea da, hau da jasangarritasuna txikitatik berenganatu dezatela. Horretarako material desberdinak dauzkate: txikienek, haur hezkuntzakoek, "Ttantto gure laguna" fitxak eta lehenengo ziklokoek "Ttantto gure etxean" galdeketa esate baterako.
Gai ezberdinak jorratzeko asmoa dute arduradunek, urak eskualdean egiten duen bidea, herriko iturrien ezagutza, eguneroko ohiturak eta kontsumoa, herriko errekak... eta urte bukaera baino lehen irteera batzuk ere egiteko asmoa dute, denak uraren zikloaren ingurukoak, edateko uren eta ur zikinen Araztegietara edota urtegi batera bisitak eta ibaietako faunaren ezagutza besteak beste.